EH Bilduk «laster ekingo» dio Udal Aurrekontuen proposamenari ekarpenak egiteari

Udal gobernuko alderdiek ordenantza fiskal berriaren onarpenetik egun gutxi batzuetara, EH Bilduk adierazi du “laster ekingo” diola 2026ko Udal Aurrekontuen proposamenari ekarpenak egiteari, “fiskalitatearen progresibitatea eta donostiarren ordaintzeko gaitasuna bezalako ardatz estrategikoak alde batera uzten dituelako”.
Edukia oraindik ez da ezagutu, baina koalizio soberanistak gogorarazi nahi izan dute aurrekontuek “herritarren eskaera eta arazoei” eta “hiri gisa ditugun erronkei” entzuteko tresna izan behar dutela: “Espero dugu egoerak eskatzen duen beste ematea eta horri guztiari erantzuteko gai izatea”.
Hedabideen aurrean egindako agerraldi batean, Jabi Vitoria EH Bilduko zinegotziak ohartarazi du “gauzak ondo egin nahi badira” Udal Gobernuak ahalegina egin behar duela “gehiengo zabalagoak lortzeko, eta herritarrei entzunez”. “Tasen eta zergen proposamena hobetzeko eskua luzatu genuen bezala, orain ere gauza bera egingo dugu”, adierazi du.
Inbertsioei dagokienez, EH Bilduk “ez du onartuko” bigarren aukeran hartzen den proposamenik, “ezta aurrekontu propagandistikorik ere”. “Anbizio handikoak izan behar dugu eta etxebizitza, justizia sozial, zaintza, turismo eta mugikortasun politiketan sakondu behar dugu, bai eta arlo publikoaren kudeaketa eraginkorrean eta berdintasunaren arloan jauzi kualitatibo bat eman ere”, adierazi du Vitoriak: “Gogoratu behar dugu aurten atal hau Aurrekontu osoaren % 0,21 baino ez dela, EAErako Berdintasun Legeak ezartzen duen % 1etik oso urrun”.
Etxebizitza krisiari dagokionez, funtsezkoa da hirian etxebizitza sustatzea, babestua eta modu iraunkorrean. “Gure ustez, etxebizitza eskubidea da, eta gure seme-alabek ez dute zertan Donostiatik alde egin behar emantzipatzen direnean. Inbertitu egin behar da, bai; eta eraiki egin behar da, baina artifizializatutako lurzoruak kontuan hartuta, kalifikazio-estrategiak martxan jarriz, hutsik dauden etxebizitzetan eraginez eta merkatuan esku hartuz prezioa mugatzeko eskura dauden baliabideekin, hauek aplikatuz”.
EH Bilduren udal taldetik udal gobernuak onartzen duen proposamena “arretaz aztertu eta arduraz jokatuko” duela adierazi dute, “premisa batekin”: “Interes orokorrek partikularren gainetik egon behar dute hiri honek behar duen norabide aldaketan urratsak ematen hasteko. EH Bildu akordioetarako prest dago beti ere herritarren ongizatea bermatzea helburu duten proiektuak badira”.