Herritarrek aurkeztutako 978 proiektuetatik, 123 bozkatu ahal izango dira Partaidetzako Aurrekontuen prozesuan

Donostiarrek 2025eko Partaidetzazko Aurrekontuen prozesuaren bozketa-fasera igaro diren 123 proposamenen artean aukeratu ahal izango dute, urriaren 13tik 26ra bitartean. 978 proposamen aurkeztu ziren eta 634 dira aztertu direnak; horietatik 123 dira, beraz, herritarrek erabaki ahal izango dituztenak.
Hala, herritarrek lehentasuna eman ahal izango diete 2026an eta 2027an helburu horretarako erabiliko diren 3 milioi euroak (1,5 milioi ekitaldi bakoitzeko) banatzeko proiektuei. Zenbateko horri 500.000 euro gehitu behar zaizkio, Ekialdeko Barrutiak 2026ko aurrekontutik prozesu honetatik ateratzen diren barrutiko auzoetako proiektuetarako erabiliko dituenak.
634 proposamen aztertu dira
Bozketa fasera iritsi diren proposamenek partaidetza-prozesuaren hasierako faseetan egindako baheketak gainditu dituzte, non 966 proposamen jaso ziren. Horietatik, antzekoak zirenak multzokatu dira, eta beste batzuk hainbat arrazoirengatik baztertu dira, hala nola proposamenik ez adierazteagatik, bikoiztuta egoteagatik, etorkizuneko aurrekontuei eragiten dietelako edo dagoeneko kontratatuta dauden zerbitzuen aurrekontuetan sartu ezin direlako.
Aurkeztu ziren eta joan den apirilean azterketa-fasera pasa ziren 634 proposamenetatik, 92 hiri osorako egin ziren, eta 542 auzoetako proiektuetarako, eta Altza (82), Aiete (79) edo Egia (50) izan ziren proposamen gehien jaso zituztenak.
Proposamen horietako bakoitza dagokion departamentura bideratu zen, azter zezan. Prozesu horretan 16 departamentu eta 90 udal-langile baino gehiago inplikatu dira. Proposamen gehien jaso dituen arloa Hiri Mantentze eta Zerbitzuak (223) izan da, eta ondoren Mugikortasun Saila (222).
123 proposamen finalista
Departamentuen azterketaren ondoren, 123 proposamen urriaren 13tik aurrera egingo den bozketa-fasera igaroko dira. Horietatik, 15 hirirako dira, eta gainerako 108 auzoetarako dira. Horiek, hiriko auzo ezberdinen artean banatzen dira, Altza (13), Aiete (11), Egia (14) edo Bidebieta (9) auzoen artean, hain zuzen ere.
Ekialdeko Barrutiak 36 proposamen batu ditu guztira, eta horien artean Barrutiko 2026ko berezko aurrekontuko 500.000 euro banatuko dira. 2026ko eta 2027ko aurrekontuetarako gainerako 3 milioi euroak beste 87 proposamenen artean esleituko dira, bozketa-fasearen ondoriozko lehentasunaren arabera, aurrekontua agortu arte.
Proposamen horiek guztiek “interes publikokoak” eta “udal-eskumenekoak izateko baldintzak” betetzen dituzte, ez dituzte 400.000 euroko inbertsioa gainditzen, eta ekitaldi bakar batean gauza daitezke, ondorengo aurrekontuetan eraginik izan gabe.
Proposamenen bozketa
Proposamenak bozkatzeko fasea urriaren 16an hasiko da eta hilaren 26ra arte zabalik egongo da. Proposamen bakoitzari bozketa kode bat esleituko zaio, eta herritarrek bost proiektu aukeratu beharko dituzte (pertsona bakoitzak behin bakarrik bozkatu ahal izango du). Bozketan parte hartzeko baldintzak honako hauek izango dira: 16 urtetik gorakoa izatea bozketaren unean eta Donostian erroldatuta egotea.