Laugarren partida jarraian irabazi du Realak
Txuri-urdinek Badalona Women ere gaindituta (0-2), denboraldi hasiera paregabea egiten ari dira.

Ezustekotik harago doa Realeko nesken sasoi hasiera ikusgarria. Jokaturiko bost partidetatik lau irabazi dituzte eta bat berdindu. Hau da, txuri-urdinek galdu gabe jarraitzen dute. Gainera, azken lau neurketak jarraian irabazi dituzte. Larunbatean eskuratu zuten laugarren garaipena, Badalona Womenen zelaian (0-2). Beste behin ere, partida bikaina jokatuta lortu zituzten hiru puntuak. Edna Imadek —haren lehen gola txuri-urdinen kamisetarekin— eta Lucia Pardok egin zituzten golak. Sailkapen nagusian, bigarren postuan daude Atletico Madrilekin berdinduta.
Realeko mutilek, berriz, galdu egin zuten Bartzelonaren kontra, Montjuicen (2-1). Porrotek balio ez badute ere, txuri-urdinek jokaturiko norgehiagoka ez zen txarra izan. Kataluniarren kalitateak menderatu zuen Realeko jokalarien defentsako lan ona. Batez ere, Alex Remiro atezainarena. Geldiketa asko eta oso onak egin zituen. Alvaro Odriozola atzelaria ere nabarmendu beharrekoa da. Azken unean sartu zen hamaikakoan —Jon Mikel Arambururen hutsunea betetzeko—, eta ondo baino hobeto aritu zen. Defentsan ondo, eta baita erasoan ere. Berak egin zuen txuri-urdinen gol bakarra. Txuri-urdinek sailkapeneko putzuan jarraitzen dute, eta erabakigarria izango da datorren igandeko partida, etxean Rayoren kontra jokatuko dutena.
Eskubaloian, Bera Bera eta Atletico Guardes, ligako bi onenak, parez pare aritu ziren, Pontevedran. Neurketa lehiatua izan zen, eta emaitza da horren eredu: 25-25. Berdindu arren, biek sailkapeneko buruan jarraitzen dute 7 punturekin. Hori bai, donostiarrak daude lehen tokien, golen abantailarengatik.
Belar hockeyan, Realak eta Juniorrek Zubietan jokatu behar zuten partida bertan behera geratu zen.
Saskibaloian, Gipuzkoa Basketek porrot batekin abiatu du Lehen FEB mailako lehia. Illunben jokaturiko partidan, nahi eta ezin aritu ziren Coruñaren kontra (63-79). Horiek horrela, ez da hasierarik onena izan Sergio Garciak zuzenduriko talde eraberrituarentzat.
EMAITZAK
Futbola
Emakumezkoen liga, 5. jardunaldia
- Badalona Women 0 – Reala 2
Gizonezkoen liga, 7. jardunaldia
- Bartzelona 2 – Reala 1
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 4. jardunaldia
- Atletico Guardes 25 – Bera Bera 25
Belar hockeya
Emakumezkoen liga, 3. jardunaldia
- Reala – Junior (bertan behera)
Saskibaloia
Gizonezkoen bigarren maila, 1. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket 63 – Coruña 79