'Zeru ahoak' telesailaren lehen atala Primeran plataforman ikus daiteke
Donostiako Zinemaldian estreinatu ondoren, Koldo Almandoz donostiarraren telesail berriaren lehen atala eskaini du ETB1ek.

Dagoeneko ikusgai dago Zeru ahoak telesailaren lehen atala Primeran plataforman. Koldo Almandoz zuzendari donostiarrak zuzenduriko lanak lau kapitulu ditu, eta aurrenekoa atzo iluntzean eskaini zuten ETB1en. Aldiz, lauak estreinatu zituzten bukatu berri den Donostiako Zinemaldiaren Sail Ofizialen, eta harrera oso ona izan zuen. Xalba Ramirezek egindako kritika hemen irakur dezakezue.
2020an estreinatutako Hondar ahoak telesailaren bigarren zatia da. Beste behin ere, Nerea Garcia (Nagore Aranburu) da protagonista. Inspektorea irmoago, isolatuago eta inor baino etsai gehiagorekin ageri da.
Hauxe da sinopsia: “Bolada txarra pasatzen ari da eta ez da bere Bilboko etxetik apenas ateratzen. Lau urte igaro dira Ertzaintzatik kanporatu zutenetik. Erritualen batean hildako emakume baten gorpua agertzen denean, bere nagusi ohiak ikerketarekin laguntzeko eskatu dio. Alabaina, Nereak ez du susmatzen iraganeko eta orainaldiko mamuek hiriko estoldetara jaistera behartuko dutela, non ezer eta inor ez diren diruditenak”.
Aranbururekin batera, aktore taldea osatzen dute Josean Bengoetxeak, Ramon Agirrek, Sara Cozarrek eta Miren Gaztañagak, besteak beste. Gidoia elkarrekin idatzi dute Almandozek eta Harkaitz Canok. Musika, berriz, Aitor Etxeberriak sortu du.