Donostiak 494.456.134 euroko aurrekontua izango du 2026an
Udal gobernuak aurkezturiko zirriborroaren arabera, etxebizitzaren eta udal zerbitzuen hobekuntza dira zutabeak.

Donostiako Udal Gobernuak 2026. urterako aurrekontu proiektuaren zirriborroa aurkeztu du. 494.456.134 eurokoa izango da aurrekontua, aurtengoa baino %4,45 txikiagoa. Eneko Goia alkateak, Kerman Orbegozo Pertsonak, Ekonomia eta Aurrekontua kudeatzeko zinegotziak eta Iñaki Gabarain Kiroletako zinegotziak eman dituzte proposamenaren xehetasunak.
Bi helburu ditu udal gobernuaren datorren urteko aurrekontu proposamenak. Batetik, etxebizitza berria sustatzeko esfortzua handitzea, eta, bestetik, udal zerbitzu publikoak indartzea. Horretarako, 26 lanpostu berri sortuko dituzte hainbat departamendutan, hiritarrei eskaintzen zaizkien arreta eta zerbitzuak hobetzeko.
Hiru lehentasun ere zehaztu ditu Goiak: “Inor atzean ez uztea, donostiarroi eskaintzen zaizkigun kalitatezko zerbitzuak hobetzea eta garrantzi handia duten hiri mantentzean, garraio publikoan eta hirigintza garapen eta etxebizitza aukera berrietan inbertsioak egiten jarraitzea”. Gaineratu duenez, “aurrekontu orekatua” diseinatu dute, “donostiarron eta auzoen beharrei erantzuna emateko”. Bestalde, alkateak nabarmendu du aurrekontuak departamentuek erakutsitako beharrei erantzuten diela.
Diru sarrera eta gastu arruntak
Orbegozok eman ditu zenbaki zehatzak, eta adierazi du aurrekontu kontsolidatua txikiagoa izateak ez duela eraginik gastu arruntetan. Izan ere, kapitulu honetako aurrekontu sailak 12,3 milioi eurotan handituko dira. “Pertsonal Gastuari bideratutako aurrekontu sailak %5,69 handitu dira, eta horien artean azpimarratu behar da langileen soldatak %2 handituko direla eta 26 funtzionario lanpostu berri sortuko direla”, azaldu du Orbegozok.
Hauek dira sortuko diren lanpostuak: sei suhiltzaile, hiru psikologo Gizarte Ekintzan, bost gizarte langile, Administrazio Orokorreko Teknikari bat eta hiru administrari Gizarte Ekintzan, Finantza departamentuan Administrazio Orokorreko Teknikari bat, Idazkaritzan lanpostu bat, Hirigintzan juridikoen buruzagitza bat, bi udaltzain, Hiri Mantentze Zerbitzuetan administrari bat, Parke eta Lorategietako teknikari bat, eta Pertsonen departamentuan juridiko bat.
Bestalde, eskaintzen diren zerbitzuek eragindako gastu arrunta iaz baino %1,63 handiagoa izango da, eta udalak mendeko elkarte eta entitateei egiten dien ekarpena %2,6 handituko da.
Udalak gastu arruntari aurre egin ahal izango dio Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren ekarpena 194 milioi eurotakoa izango delako, betiere udalaren lehen estimazioen arabera, eta zerga politikan egindako eguneraketari esker aurreko urtean baino 3,1 milioi euro gehiago jaso ahal izango dituelako. Horrenbestez, udalak eskaintzen dituen zerbitzuak mantendu eta hobetu ahal izango ditu, eta martxan dauden inbertsioei zein proiektu berriei heldu ahal izango die.
Gizarte gastua
Aurrekontu proiektuaren lehentasuna “gehien behar duten pertsonei” laguntzen jarraitzea dela esan du Orbegozok. Horrela, Gizarte Zerbitzuetako aurrekontua %8,3 handiagoa izango da, eta guztira departamentuak 40,5 milioi euroko aurrekontua kudeatuko du.
Igoera honen arrazoia da gastu korrontea 1,78 milioi euro handituko dela (%3,24 gehiago), zerbitzuak eskaintzen jarraitzeko kontratuen hitzarmen berriak eta langile taldea handitzea direla eta. Izan ere 12 langile gehiago sartuko dira. Era berean, kapital gastua 1,37 milioi eurotan handituko da, eta horri esker, Erdialde Zahar Etxearen eta Bretxan Parte Zaharreko gizarte zerbitzuen zentro berriaren proiektuak egin ahal izango dira.
Arrandegia eraikina
Aurrekontu proiektuak 13,5 milioi euroko saila jasotzen du hurrengo bi urteetarako, Arrandegia eraikina birgaitzeko (7,6 milioi 2026an eta 5,9 milioi 2027an). Bretxako merkatua birgaitzea eta falta diren obrak egitea da helburua. Gabarainek nabarmendu duenez, “proiektu oso garrantzitsua” da, eta Donostia Sustapenak bere gain hartu zuenetik, “aurrerapausoak” ematen ari dela. “Hurrengo urteko udazkenean irekiko ditu ateak merkatu berriak. Horri esker, plazaren erdian dagoen egitura eraitsi ahal izango da, eta sotoaren lanei ekin ahal izango zaie, aukera berriak eskainiko dituen guneari forma ematen amaitzeko”, azaldu du.
Mugikortasun jasangarria
Ekonomia eta Aurrekontua kudeatzeko zinegotziak azpimarratu du, aurrekontu proiektuak beste urtebetez erakusten duela mugikortasun jasangarriaren alde egiten dugun apustu sendoa. Hortaz, aurrekontu proiektuak 82,1 milioi euro bideratuko dizkio Mugikortasun eta Garraio departamentuari, eta Tranbiaren Konpainiaren gastu korronteari 36,2 milioi euroko ekarpena egingo dio, besteak beste, autobus flotaren elektrifikazioarekin jarraitzeko, mikrobus berriak erosteko eta kotxetegietan suteen aurkako sistema hobetzeko.
17. linea elektrikoa egiten jarraitzeko BEI programaren garapenak bere bidea jarraituko du eta 2026an 11 milioi euroko aurrekontua izango du, eta gainera, 23,6 milioi euro zenbatzen dituzten aurrekontu sailak aurreikusten ditu 2028.urtea arte. Gainera, proiektu honek Eusko Jaurlaritzaren ekarpena izango du. Halaber, Next Generation Funtsak dituen ElectriZEN proiektuaren garapenak aurrera jarraituko du hurrengo urtean.
Etxebizitza eta hirigintza
2026ko aurrekontu proiektuak, halaber, inbertsioak aurreikusten ditu Hirigintza eta Etxebizitza arloetan, dagoeneko hasi diren edo laster ekingo zaien garapenei aurre egiteko. Hortaz, Lorategi Hiria, Illarra edo Infernuaren urbanizazio lanek aurrera jarraituko dute.
Bestalde, Donostiako Etxegintzak 2026an 6,6 milioi euro bideratuko ditu Kanpandegin zuzkidura apartamentu gehiago egiteko eta Infernua, Illarra, Igara eta Añorgako Geltokia eremuetan, besteak beste, etxebizitza publikoa sustatzen jarraitzeko.
Hiri proiektuak, Mantentze zerbitzuak, Segurtasuna eta Suhiltzaileak
Inbertsioei buruz, Kerman Orbegozok honakoa adierazi du: “Nahiz eta kapitaleko diru-sarrerak jaitsi diren, besteak beste, Illarra, Lorategi Hiria eta Infernuaren eremuak garatzeko lanak hasi direlako eta Altza birgaitzeko lanak oso aurreratuta daudelako, udalaren finantza egoera onari esker, dagoeneko garatzen hasi diren proiektuekin jarraitzeko zein proiektu berriei heltzeko gaitasuna izango du. Hortaz, udalak inbertsioetarako 41,7 milioi euro aurreikusi ditu, hain zuzen ere, 2026an eta hurrengo urteetan garatuko diren inbertsioak”.
2025eko aurrekontu proiektuak gutxi gorabehera inbertsioetarako 70 aurrekontu sail aurreikusten ditu. Eta behin aurrekontua onartuta, aurrekontu sail horiei 126 milioi euro zenbatzen duten beste hainbat gehituko zaizkio, aurreko urteetako aurrekontuetan aurreikusitako inbertsioak garatzen jarraitzeko.
Kirol arloan, Ekonomia eta Bertako Enpleguko zinegotziak azpimarratu duenez, 2026ko aurrekontu proiektuak Illunbe erabilera anitzeko pabiloian bilakatzeko 4,8 milioiko urte anitzeko aurrekontu saila aurreikusi du, hain zuzen ere, hiriari hiru gune (erabilera anitzeko gunea, kirol pista eta entrenatzeko pista) dituen instalazio berria duen proiektua. Eta proiektu honek traktore ekonomiko gisa balioko du, bertan gozatu ahal izango ditugun kirol-ekitaldien eta ikuskizunen bultzadari esker. Era berean, Herrerako futbol zelaia berritzeko proiektua aurrera eramateko milioi bateko aurrekontu saila egongo dela nabarmendu du.
Hiria hobetzeko beste hainbat inbertsio: 425.000 euro haur parkeak hobetzeko; 350.000 euro irisgarritasuna hobetzeko lanak egiteko; edo 550.000 euro zuhaitzen eta eremu berdeen gaineko hainbat esku hartze egiteko. Era berean, Igeldoko eskola zaharra berritzeko 1,65 milioi euroko aurrekontu saila aurreikusi da.
Era berean, Prebentzio, Su-Itzalketa eta Salbamendu zerbitzura bideratutako inbertsioak 1,1 milioi eurokoak izango dira. Eta Udaltzaingoak 950.000 euroko aurrekontu saila izango du Egian Ertzaintzarekin partekatutako polizia-etxearen proiektua aurrera eramateko.
Tramitazioa
Aurrekontu proiektuaren aurkezpenarekin, Donostiako Udaleko Ogasun eta Finantzetako departamentuak aurreikusitako tramitazioarekin jarraitzen du. Hortaz, behin proiektua Tokiko Gobernu Batzarrean onartuta eta udal taldeei aurkeztuta, zuzenketak egiteko epea hasiko da.
Departamentuak aurreikusitako egutegiaren arabera, aurrekontua eta zuzenketak eztabaidatzeko Ogasun batzordea azaroan egingo litzateke, eta ondorioz, hasierako onarpena azaroko udalbatzarrean egingo litzateke.
Hainbat inbertsio
- Kultura:
– Okendo Kultur Etxea birgaitzeko proiektua (1.275.000 euro).
– Loiolako Kultur Etxearen irisgarritasuna hobetzeko proiektua (477.000 euro). - Sustapena:
– Bretxa berritzeko (7.642.442 euro). - Turismoa:
– Bulego berriko ekipamendua eta egokitzapena (50.000 euro).
– RENFE inguruan bulego berria egokitzeko (150.000 euro). - Hirigintza eta Etxegintza:
– Hiri Lorategiaren urbanizazioa (152.859 euro).
– Illarra, hitzarmen-batzarretarako ekarpena (90.000 euro).
– Infernua, hitzarmen-batzarretarako ekarpena (996.944 euro).
– Etxegintza: Kanpandegin zuzkidura-etxebizitzak, BOE Infernua, Illarra, Igara, Añorgako Geltokia (6.599.670 euro). - Hiri Mantentze eta Zerbitzuak:
– Jarduerak zuhaitzetan, txorkoetan eta berdeguneetan (550.000 euro).
– Haur parkeak berritzeko (425.000 euro).
– Irisgarritasuna eta eta gune publikoak (350.000 euro).
– Asfaltatze lanak egiteko (750.000 euro). - Dbus:
– BEI Línea 17 (11.068.535 euro).
– Mikrobusak (339.797 euro).
– Suteen aurkako sistema (281.000 euro). - Kirol instalazioak:
– Herrerako futbol zelaia (1.000.000 euro).
– Illunbe erabilera anitzerako pabilioia (1.104.125 euro). - Gizarte Ekintza:
– Erdialde zahar etxearen birgaitzea (1.084.000 euro).
– Bretxa Gizarte Zerbitzuen Zentroa (614.556 euro).
– Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzuen berritzea (100.000 euro). - Igeldo:
– Igeldoko eskola zaharra berritzeko (1.650.000 euro).
– Toki Entitate Txikiaren kapital gastuari ekarpena (448.902 euro). - Ekialdeko Barrutia
– Partaidetzazko Aurrekontuak (500.000 euro).
– Ekialdeko Barrutiaren proiektuak (295.930 euro). - Hiri Segurtasuna:
– Puntu Krítikoak (500.000 euro).
– Egiako polizia-etxea (950.000 euro). - Hezkuntza:
– Eskoletako eraikinak (100.000 euro).