Euskadiko Sendagileen Sindikatuak grebara deitu du estatutu marko propioa eskatzeko
Donostian bi lekutan elkarretaratuko dira ostiralean, urriaren 3an: Donostiako ospitalearen aurrean eta Amara Berriko anbulatorioaren parean.

Euskadiko Sendagileen Sindikatuak bat egin du Espainiar Estatuko medikuen sindikatuekin, eta grebara deitu du urriaren 3rako. Elkarretaratzeak egingo dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hain zuzen ere, Donostian bi mobilizazio iragarri dituzte. Batetik, Donostiako ospitalearen aurrean elkartuko dira 11:00etan, eta, bestetik, Amara Berriko anbulatorioaren parean, 12:00etan.
Grebaren helburua da erakundeen arteko indarrak batzea, negoziazio mahai eta estatutu marko propioak lortzeko, medikuentzat eta kirurgialarientzat. “Estatutu berri honek gure aldarrikapen nagusiak jaso behar ditu, Osasun Ministerioari APEMYFeko gainerako kideekin batera egindako dokumentuan jakinarazi genion moduan”, azaldu du sindikatuak.
Aldarrikapen nagusiak haien webgunean zerrendatu dituzte.