Jaurlaritzak «barkamena» eskatu die Monbarreko biktimei, «erakundeen isiltasunagatik»
Ernest Lluch kultur etxean egin dute Monbarreko atentatuaren erakusketa, eta, bertan izan dira PSE-EEko goi karguak.

Maria Jesus San Jose, Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideetako sailburua, Ernst Luch kultur etxean egindako ekitaldian, Baionako Monbar hoteleko atentatuan GALek hil zituen lau lagunen senideei zuzendu zaie eta “barkamena eskatu” die, “lau hamarkadetan erakundeen aldetik bizi izan duzuen presentzia faltagatik eta baita isiltasun sozialagatik ere”. Sailburuak ‘Hotel Monbar, 1985. 40 urte GALen sarraski handienetik’ erakusketaren inaugurazioan egin ditu adierazpenok, Amara Berriko Ernest Lluch kultur etxean.
Gogora Institutuaren ekimenez egin da erakusketa hau, GALek egin zuen sarraski handienaren 40. urteurrenaren harira. 1985eko irailaren 25ean bi mertzenariok tiroka hil zituzten Agustin Irazustabarrena Urruzola, Inaxio Asteasuinzarra Pagola, Jose Mari Etxaniz Maiztegi eta Sabin Etxaide Ibarguren errefuxiatuak Baionako Monbar hoteleko tabernan. Sailburuak onartu du bere hitzek “apenas arinduko dutela” senideen oinazea, baina “bide luzea izatea espero dudanaren lehen urratsa” direla ziur agertu da.
Erakusketarekin biktimei eta haien senideei errekonozimendua egin nahi izan zaiela adierazi du San Josek. “Beharrezkoa da hilketa haien krudelkeria eta bidegabekeria gizarteari helarazteko gai izatea. Inork ez zuela besteen bizitzari buruz erabakitzeko eskubiderik eta ez dela onargarria”, esan du. Halaber, bere hitzaldian, ziurtatu du ekimen honek “salaketa eta gaitzespen irmoa” izan nahi duela, “balio demokratikoak babesteko eta defendatzeko agindua zuten pertsonak izanik, Legetik kanpo jardutea erabaki zuten “agintari politikoena, ”Estatuaren mekanismoak erabiliz erakunde terrorista bat finantzatu eta mantendu zutenena”.
“Ezerk ezin du justifikatu, minimizatu edo erlatibizatu giza eskubideak urratzea”, esan du sailburuak. Hori dela eta, “hainbeste pertsonari min emateaz harro eta lotsagabe hitz egin zuten” kargu politikoei ere zuzendu zaie. Haien hitzak “arbuiatu” eta “kondenatu” egin ditu. “Min gehiago sortzeko baino ez ziren izan, gure demokraziaren sinesgarritasuna urratzeko eta giza eskubideen eta balio demokratikoen defentsan sustraiak dituen alderdi politiko baten izena zikintzeko”, gaineratu du.
Gogora Institutuko zuzendariak, Alberto Alonsok , eskerrak eman dizkie lau biktimen senideei erakusketa gauzatzeko elkarrekin egindako lanagatik. “Hasierako mesfidantza normala oztopo guztien gainetik egon den eskuzabaltasuna bihurtu da”, ziurtatu du.
GALeko biktimen izenean, Egiari Zor Fundazioko Ainara Esteranek hartu du hitza. “Biktimen auzia partidismotik urruntzeko” deia egin du eta “herri honetan gertatu diren giza eskubideen urraketa larrietan fokoa jartzeko” eskatu du, “jasan zuten indarkeriaren jatorriari begiratu gabe”.
Monbarreko lau biktimen senideez gainera, erakusketaren irekiera ekitaldian egon dira GALen beste biktima batzuk, ETAren biktimak, erakundeetako ordezkariak eta hainbat alderdi politikotako kideak.
Erakusketa urriaren 20ra arte egongo da zabalik Donostian. Hil horren 7an, Ernst Lluch kultur etxean solasaldi bat egingo da, Estatuak eragindako indarkeriaren larritasuna nabarmentzeko eta terrorismoa eta horren ondorioak salatzeko eta ikusarazteko.