Partida «inklusiboena» jokatuko du Realak
Urriaren 5ean, txuri-urdinek Rayo Vallecano hartuko dute Anoetan, eta, horren harira, hainbat jarduera antolatu dituzte.

Realaren Fundazioak sustaturiko Partida Inklusiboena jokatuko da igandean, urriaren 5ean, Anoeta futbol zelaian eta kanpoaldean. Hain zuzen ere, Realak eta Rayo Vallecanok ligako partida jokatuko dute egun horretan, 18:30etik aurrera. Neurketa horren harira, egun berezia antolatu dute World Football Summit eta Integrated Dreams erakundeen laguntzarekin.
Nazioartean zer esana ematen ari den egitasmoarekin bat egingo du klubak: “Egitasmoaren helburua da hainbat errealitate sozialei ikusgarritasuna ematea, eta kirolean zein gizartean aniztasunak duen garrantzia azpimarratzea. Partida hau hesiak apurtzeko tresna indartsua izango da, baita pertsonak elkartzeko eta zelaitik haratago aukera ezberdinak sortzeko momentua ere”.
Partida Inklusiboa borobiltzeko, jarduera programa integrala prestatu dute, hainbat elkarterekin lankidetzan. Anoetako 13. atean, kanpoaldean, jarduera hauek antolatu dituzte, partida jokatu baino lehen:
- 16:15. Familia argazkia 0 atean. Argazki honetan erakunde ezberdinetako erabiltzaileek hartuko dute parte. Erakundeak: ADEMGI, AGIFES, ASPACE, ASPARGI, ATECE, ATZEGI, BEGISARE, BAE, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa, Fundación Why Not, Gautena, ONCE, KEMEN eta PAUSOKA.
- 16:45-17:15. Realeko jokalari ohien eta Realeko Genuine taldearen arteko erakustaldi partida (13. atean).
- 16:45 -18:00. Penaltiak ONCErekin / Jolasak Begisare eta ColorADDekin / Photocall eta sinadurak AS-ekin Zona Verdaderamente Mixta gunean (13. atean).
- 16:45 -17:45. Erakustaldi partida AGIFES y WHY NOT artean (13. atean).
- 17:30-18:00 Powerchair erakustaldia, Kemen – Duchenneren eskutik (13. atean).
- 16:30–18:00 Musika eta puzgarriak (13. atean).
Futbol zelaian, berriz, beste hainbat jarduera egingo dituzte. 18:15ean Partida Inklusiboenaren aurkezpena hasiko da, eta, jarraian egingo dutena aurreratu du Realak:
- Ereserkia zeinu hizkuntzan.
- Jokalariak zelaira irtengo dira Partida Inklusiboenaren kamisetak jantzita.
- Jokalarien eskutik irtengo diren haurrek ere Partida Inklusiboenaren kamiseta eramango dute jantzita.
- Kamiseta hauek ColorADD sinbologia eramango dute, daltonismoa duten pertsonei zein koloretako kamisetak diren adierazteko. Partidaren lema ere badute kamiseta hauek: Inklusioa Indar.
- Hamaikakoa zeinu hizkuntzan emango da.
- Talde argazkia partidako leloarekin: Inklusioa indar.
- Ohorezko sakea egingo du Realaren Genuine taldeak. Taldeak Fair Play puntuazio maximoa lortu du pasa berri den 2024-2025ko denboraldian.
- Atsedenaldian, Verdiniren emanaldia izango dugu. Verdini aniztasun funtzionala duten pertsonez osatutako dantza taldea da.