Francis oroituz abiatu dute aurtengo Iraqueerle Taldea

Atzo, asteartean, Iraqueerle taldearen laugarren urteari hasiera berezia eman zioten Egiako Teila Fabrikan. Aurtengo irakurgaiak zeintzuk diren azaltzeaz gain, Vicente Vadillo Santamaria Francis izan zuten gogoan.
Antolatzaileek azaldu zutenez, militantzia barruan formaziorako espazio gutxi daudenez, hilabetean behin liburu bat irakurri eta eztabaidatzea da Iraqueerle taldearen helburua. Fikzioa eta saiakera tartekatzen dituzte, baita euskarazko eta gaztelerazko liburuak ere. Horrez gain, giro “eroso eta lagunartekoa” sortzea da asmoa, “queer komunitatea saretzeko gune beharrezkoa da”.
Egitaraua aurkeztearekin batera, oroitu dute liburua irakurrita, irakurri gabe edo “diagonalean irakurrita” joan daitekeela saioetara, eta jendeari parte hartzeko gonbita luzatu diete.
Francis gogoan
Atzo egindako aurkezpenean, Errenterian eraildako Francis transformista izan zuten gogoan. Julen Zabala militante historikoak aurkeztu zuen Francis eta garai historikoa, baita garaian sexu askapenean aritu ziren militante esanguratsu hainbat, tartean, Mikela. Francisen erailketaren ostean antolatu zuten lehenengo “harrotasun” eguna oroitu zuen.
Bestalde, Xabier Susperregik idatzitako liburua aurkeztu zuen Francis, testuinguru sozial eta politikoa osatuz. Julen Gorosabel donostiarrak berak zuzenduriko film laburra aurkeztu zuen: Inkognita.
Aurtengo saioak
Hauek izango dira Iraqueerle taldeko urteko irakurgaiak:
- Urriak 14, Beste zerbait – Danele Sarriugarte
- Azaroak 11, Abolir la familia – Sophie Lewis
- Abenduak 16, Ezinezko maletak – Juanjo Olasagarre
- Urtarrilak 13, Feminismo zuriaren aurka – Rafia Zakaria
- Otsailak 10, Love me, tender – Constance Debré
- Martxoak 10, Euskal ipuinen antologia – Hainbat egile
- Apirilak 14, Intersexualidades – Nuria Gregori Flor
- Maiatzak 12, Detransition, baby – Torrey Peters
- Ekaina, Palestinaren aldeko irakurraldia
Saio guztiak asteartetan izango dira, 19:00etan, Egiako Teila Fabrikan.