Hiru orduko lanuztea antolatu dute sindikatuek urriaren 15erako, Palestinako sarraskiaren kontra
LAB, CCOO Euskadi, UGT Euskadi, ESK, STEILAS, CGT, Etxalde eta HIRU sindikatuek Lanuzte Orokorrerako deialdia iragarri dute EAEn. ELAk deialdia egingo du egun horretarako, baina ez gainontzeko sindikatuekin batera.

Urriaren 15ean hiru orduko lanuztea antolatu dute LAB, CCOO Euskadi, UGT Euskadi, ESK, STEILAS, CGT, Etxalde eta HIRU sindikatuek urriaren 15erako. Lanuzte orokorrerako erreferentziazko ordutegia goizeko 11:00etatik eguerdiko 14:00etara izango da. Ordutegi horretan mobilizazioak egingo dira lantokietan, eta 12:30ean manifestazioak egingo dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan.
Sindikatuek baieztatu dutenez, “hasieratik” salatu dute “Israelgo eraso basatia Palestinako herriaren kontra”. Haien hitzetan, gaur egun “inork ez du zalantzan jartzen genozidio baten aurrean gaudenik”. NBEren Batzorde Independenteak berriki argitaratutako txostenak Amnistia Internazionalak esandakoa berresten duela gogoratu dute: “Israel Palestinaren aurka genozidioa egin du (eta egiten ari da) Gazako Zerrendan”.
Eusko Jaurlaritzako eta Espainiako Estatuko instituzioei eskatu diete genozidioarekin harreman oro eteteko, eta “euren esku dituzten tresna guztiak baliatzeko su-eten bat lortzeko. Baita, Palestinaren autodeterminazio eskubidea eta bere lurraldearen okupazioaren amaiera erdigunean jarriko dituen konponbide integrala lortzeko ere”.
Era berean, Israelekin harreman komertzialak dituzten enpresei eta patronalari, oro har, “hausnarketa etikoa” egitea eskatu diete, eta ez dezatela inolako jarduera komertzialik garatu Palestinan genozidioarekin konplize diren edo nazioarteko legedia urratzen duten enpresa edo erakundeekin.
Honako helburuak ezarri dizkiete lanuzteari:
-
Langile klase osoaren elkartasuna adierazteko Palestinako herriarekin.
-
Israel Palestinako herriaren aurka, AEBetako Gobernuaren babesarekin, egiten ari den genozidioa eta gizateriaren aurkako krimenak salatzeko.
-
Zisjordanian Palestinako lurraldearen etengabeko kolonizazioa salatzeko, eta horrek langile palestinarren lan eta bizi baldintzetan dituen ondorio larriak.
-
Gazako genozidioaren berehalako amaiera eskatzeko eta okupazioa eta kolonizazioa amaituko dituen eta Palestinako herriak askatasunean bizitzeko eskubidea bermatuko duen konponbide integrala exijitzeko.
-
Patronalari eta instituzioei, bertakoei zein nazioartekoei, Israelekin harreman komertzial oro eteteko eskatzeko. Ezin da genozidio baten kontura negozioa egiten jarraitu.
-
Europar Batasuna-Israel Elkartze Hitzarmena osorik eten dadin eskatzeko.