Indarrean da alokairuzko etxebizitza batzuen errentak mugatzeko indizea
Gaurtik indarrean da alokairuzko etxebizitza batzuen errentak mugatzeko indizea Donostian. Neurria astelehenean argitaratu zuten Espainiako Aldizkari Ofizialak (BOE), hilabetetako atzerapenaren ondoren. Etxebizitza Legean jasotako indize honek helburu du etxebizitzen errenten prezioa mugatzea, bai jabe handien kasuan —bost etxebizitza edo gehiago dutenak–, bai lehen aldiz alokairuan jartzen diren etxebizitzen kasuan, edota azken bost urteetan alokairuan egon ez direnetan.
Donostia da Euskadiko eta Estatuko alokairu garestienak dituen hiria eta bertako 3.000 etxebizitzari eragiten die neurriak. Kaleratzeak Stop plataformak gogorarazi du Azora eta Testa Socimi-Blackstone funts putreek dituzten 320 eta 520 babes ofizialeko etxebizitzak batu beharko direla aipatu kopurura 2028an liberalizatzen direnean.
Plataformak ontzat jo du erreminta hori indarrean sartzea, baina erakundeei inplikazio handiagoa eskatu die. “Faltan bota” du etxebizitza hutsak arautzeko kanona ez ezarri izana, etxebizitza turistiko berriei baimena emateko debekua eta ilegalki funtzionatzen dutenen ixtea.
Gogoratu dutenez, tentsio handiko eremu izendatu izanak ere aukera ematen die errenta ordaintzaileei hiru urte arte luzatzeko beren kontratuak eta zehaztu dute hiriko zenbait familiek eskatu dutela. Neurri horren bidez, sinatutako azken kontratuaren kopuruan izozten da errenta, eta kontratua amaitzeagatik kaleratzea saihesten da.
