Musika Zuzenean egitasmoaren 15. urteurren kontzertu bira Antiguatik pasatuko da

Hamabost urte bete ditu Musika Zuzenean egitasmoak, eta hori ospatzeko kontzertu bira berezi bat egingo dute. Urte hauetan guztietan zuzeneko musika bultzatzea izan dute helburu, batez ere, egitasmoaren webguneko agenda atala elikatuz, egunero.
Beste dozenaka abenturetan ere murgildu izan dira, Durangoko Azokan postua jarriz, Hamaika Telebistan musika saioa eginez, jaialdi akustikoak antolatzen, eta beste. Egindako bidea ospatzeko, kontzertu bira bat egingo dute hilaren 5etik 19ra bitartean. Euskal Herriko hainbat txokotan programatu dituzte emanaldiak. Tartean, Donostian. Hilaren 6an izango da, datorren astelehenean, Antiguako Txantxarreka gaztetxean (19:00). Beñat Antxustegi, Raitx, Uxue Indabe, Juanjo Berasain eta Pelax ariko dira zuzenean. Bakoitzak bi edo hiru kanta eskainiko ditu.
Guztira, hamabost kontzertuko bira egingo dute hamabost egunetan jarraian, zuzeneko musika eskaintzeko taberna, gaztetxe, elkarte eta gune auto gestionatuetan. “Izan ere, gune hauetan dago musikaren benetako arima. Milaka watt soinu eta argi joko ikusgarrietatik harago, musika gertu eta era bizian sentitzen diren leku eder bezain bero hauetan. Horrelako gunerik gabe, ez dago musika eszenarik”, nabarmendu dute. Kontzertu bira tokian tokiko eragile eta elkarteekin osatu dute, elkarlanean, “musika ulertzen dugun era kolektiboan, eta zuk zeuk egin filosofiari tiraka”.