Zinemaldi Alternatiboaren «inoizko ediziorik indartsuena» izan da aurtengoa

Zinemaldia amaitu den moduan, Zinemaldi Alternatiboa ere amaitu zen joan den igandean. Hamazazpigarrenez, “komunitatea ehuntzeko” zinemaldiak “inoizko ediziorik indartsuena” egin duela nabarmendu dute antolatzaileek: “Hamar film ikusi ditugu hamar leku desberdinetan, horietako asko, Zinemaldi ofizialak baztertzen dituen gure auzoetan”.
Eskerrak eman dizkiote edizio hau “posible egin” duten eragile eta laguntzaileei: Letaman, Txantxarreka, Añorgako gaztetxea, Uliako Mintegietako parkea, Marruma Kulturala, Behin Batean Txomiñeneko euskaltzaleen taldea, AZGA, Gurdi Ertz kolektiboa, Komite Internazionalistak Elias Kerejeta Zine Eskolako ikasleak eta Arkitektura Eskola.
Horrez gain, proiekzioak aurkezten inoiz baino jende gehiago izan dutela baieztatu dute eta esker ona adierazi diete bertaratutakoei: Human Connet, Sot a Terra, Directa, Kneecap Euskaraz, Jaxsa eta Lentilleres auzo libreko kideak.
Amaitzeko, gogorarazi dute aurten elkartasuna erakutsi nahi izan dutela Palestinako herriarekin: “Ez bakarrik karteleko irudian eta Saguesko azken saio berezian, baizik eta proiekzio guztietan presente eginez gaia, Zinemaldiak iraun bitartean egin diren bi manifestazioekin bat eginez eta hauen berri zabalduz”.
Hurrengo urtean jaialdi alternatiboak jarraituko duela ziurtatu dute.