Jon Insaustik hartuko du aginte makila
Euskara, Kultura eta Turismo zinegotzia izango da Eneko Goiaren ordezkoa. Hilaren 16an izendatuko dute alkate.

Eneko Goia alkatearen lekua Jon Insaustik (Parte Zaharra, 1989) hartuko du, hainbat hedabidek jakinarazi dutenez. Hilaren 16an, politika orokorreko udalbatzarrean, Goiak kargua utziko du, eta orduan izendatuko dute alkate Insausti, legegintzaldiaren bukaera bitarte. Gainera, EAJren 2027ko udal hauteskundeetako alkategaia izango da.
Ordezkoa hautatzeko erabakia gaur eta bihar artean hartuko du Gipuzkoa Buru Batzarrak, baina aipaturiko hedabideek baieztatu dute Insausti izango dela aukeratua. Beste izen bat ere zabaldu dute, Mugikortasuneko zinegotzi Olatz Yarzarena.
Une honetan, Insausti Euskara, Kultura eta Turismoa zinegotzia da, eta jeltzaleen udal taldeko bozeramailea. Gaur goizeko agerraldian parte hartu du Goiarekin eta gainerako zinegotzi jeltzaleekin batera. 2015etik da udaleko zinegotzia, eta 2018an Miren Azkarateren lekua hartu zuen Euskara eta Kultura zinegotzi gisa. Orotara, hiru legealdi daramatza zinegotzi moduan.