'Montxo: kasu irekia' dokumentala urriaren 9an estreinatuko dute
Egiako Gazteszenan izango da emanaldia 18:30ean, eta, ondoren, solasaldi bat egingo dute.
Montxo Martinez Antia omendu zuten irailaren 12an, haren erailketaren 50. urteurrenean.Xalba Ramirez 50 urte bete dira Egiako Montxo Martinez Antia gaztea Madrilen hil zutenetik. Gertatu zenaren inguruko bertsio ofizialaren gezurrak desmuntatzeko, isileko lan handia egin dute azken hilabeteotan, eta horren emaitza da Montxo: kasu irekia dokumentala. Pasa den irailaren 12an, omenaldi berezia egin zioten haren auzoan.
Hilaren 9an estreinatuko dute Egiako Gazteszena aretoan, 18:30ean. Emanaldiaren ondoren, solasaldi bat egingo dute hiru solaskiderekin: Axun Lasa (Giza Eskubideen Behatokia), Joxean Agirre (Giza Eskubideen Behatokia) eta Javi Ruiz de Apodaka (Montxoren laguna).
“Espainiako polizia frankistak hiltzeraino jazarri eta lekukorik gabe hiltzea nahikoa ez zenez, gezurrez betetako bertsio ofiziala eraiki zuen: Montxok bere buruaz beste egin zuela esan zitzaigun. Orain arte, soilik familia, burkideak eta herri memoria saiatu dira bertsio hura ukatzen. Egia osoa ezagutzeko, oztopo judizialak eta kontakizun partzialak gainditu behar izan dituzte, ETAko militante haren hilketaren atzean zeuden alde ilunei argia jartzen, alegia”, azaldu dute antolatzaileek.
Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiaren koordinaziopean, senideek, Montxoren borroka kideek, forentseek, perituek, ikerketa lanean sakondu dute, eta 50 urtez zabaldu diren gezurrak banan bana indargabetu dituztela diote. “Ondorioz, egia osoa jakiteko garaia gertuxeago dugu”, nabarmendu dute.


