Donostia, Palestinarekin elkartasun etengabean
Bi urte. Hilaren 7an, bi urte beteko dira Israelgo Estatuak Palestinako herriaren aurkako genozidioa gogortu zuenetik: 66.000 lagun inguru hil ditu ordutik Israelgo Estatuak, tartean, 20.000 haur inguru. Horiek dira zifra ofizialak, baina askoz zifra altuagoak ematen dituzten erakundeak ere badaude. Beste leku askotan bezala, Palestinaren aldeko elkartasun uholdea bizi izan du Donostiak bi urteotan, mobilizazio batzuekin Euskal Herrian zein nazioartean erreferentzialtasuna lortuz. Herri eragile asko eta udala, Zinemaldia, Tabakalera eta halako erakunde ofizialak ere Palestinaren alde posizionatu dira dagoeneko. Elkartasuna presente zegoen duela bi urte baino lehenago, eta aurrera begira ere egongo da.

2023ko urriaren 7a: hainbat talde armatuk, tartean, Hamas erakunde islamistak, Israelen aurkako eraso handia abiatu zuten, 1.400 pertsona inguru hilez eta 250 inguru bahituz. Horren ondoren, hamarkada askotako jazarpen bortitza nabarmen areagotuz, Israelgo Estatu sionistak Palestinako herri guztiaren aurkako oldarraldia abiatu zuen, gaur gaurkoz gauzatzen jarraitzen duen genozidioa: 66.000 pertsona inguru hil ditu bi urteotan Israelgo armadak, datu ofizialen arabera. Nazioarteko estatu boteretsuenen pasibotasunaren aurrean, Palestinaren aldeko elkartasuna eta sionismoaren aurkako konpromisoa da herritarrei gelditzen zaiena, eta, bi urteotan, Donostia erreferente izan da horretan.
Hain zuzen ere, 2023ko urriaren 10ean bertan, kalera atera ziren donostiar ugari, sionismoaren aurkako BDZ mugimenduak (Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak) deituta. Elkarretaratzea izan behar zena, manifestazio bihurtu zen: «Jende gutxi genbiltzan orduan BDZn, baina testuinguruak kalera ateratzera behartu gintuen. Manifestaziorako baimena eskatuta, elkarretaratzera deitu genuen badaezpada ere, ez genekielako nola erantzungo zuen jendeak. Baina horrenbeste jende etorri zen eta denon haserrea horrenbestekoa zen, manifestazioa abiatu genuela. Orduan egin genituen, baita ere, Palestinarekin Elkartasuna plataforma bihurtuko zenaren lehenengo bilerak», gogoratu du BDZren barruan dagoen Askapena erakunde internazionalistako kide batek —nahiago izan du Askapenaren izenean hitz egin, anonimotasuna mantenduz—.

Gernika-Palestina herri ekimenak 2023ko urrian Donostian antolatutako manifestazioa.Joseba Parron San Sebastian
Handik hamar egun eskasera egindako manifestazioa izan zen, hala ere, gure mugetatik at erakutsi zuena Euskal Herrian elkartasun handia zegoela Palestinarekiko, eta Donostia elkartasun horren mapan kokatu zuena. Izan ere, milaka lagun mobilizatu ziren 2023ko urriaren 21ean Gernika-Palestina herri ekimenak antolatutako manifestazioan, tartean, Euskal Herriko pertsona ezagun ugari.
Handik gutxira jaio zen Kulturatik Sortzaileak Palestinarekin egitasmoa, tartean, Igor Otxoa artista donostiarra zegoela: «Kultur arloko kide batzuek ikusten genuen bazegoela kultur munduan jende asko ahotsa altxatzeko gogoz. Egitasmoaren talde motorrean, hainbat kide donostiar geunden: Fernando Bernues, Mireia Gabilondo, ni neu, Gorka Otxoa, Jon Maia dantzaria eta Juantxo Zeberio». Talde horrek eman zion forma hiriko beste manifestazio historiko bati, 2024ko martxoaren 17koari. Haizearen Orrazian amaitu zen mobilizazioa, milaka lagun lurrean etzanda, Gazako hildakoak zirela simulatuz. Nazioartean asko zabaldu zen beste irudi bat izan zen hori.
Etenik ez
2023ko urritik, Palestinarekiko elkartasunak eta sionismoaren aurkako jarrerak ez du etenik izan Donostian: hilabetero eta, tarteka, astero, manifestazioak, elkarretaratzeak, keinuak eta ekintzak egon dira hirian, testuinguru askotan, eta askotariko eragileak eta norbanakoak tartean izanik. Nabarmentzekoak dira horietako batzuk: Bultzada Txuri Urdinak Txapeldunen Ligako partida batean Anoetan egindako ekintza (2023ko azaroan); Palestinarekin Elkartasunak Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean 2024ko urtarrilean egindako elkarretaratzea, Israelgo Estatuarekin negozioak dituen CAF enpresako Andres Aizkorretari ohorezko domina emango ziotela salatzeko; Donostia Palestinak Alderdi Ederreko norian eta Kontxako hondartzan egindako ekintza (2024ko urtarrilean); unibertsitateko ikasle ugarik 2024ko maiatzean Ibaetako campusean egindako kanpaldia eta ekainean mugimendu sozialistak Artzain Onaren katedralean gauzatutakoa; Kulturatik egitasmoak Euskal Herriko musika eta dantza eskolekin Alderdi Ederren antolatutako ekitaldia (2025eko otsailean); Gernika-Palestinak aurtengo ekainean leku berean egindako ekitaldi ikusgarria, Gazako hildakoak irudikatuz udaletxeko terrazan; BDZk ekainean antolatutakoa, CAF enpresa zuzenean interpelatuz; Kontxako Banderan arraunlari guztiek Palestinako zapia eraman izana eta, berriki, Zinemaldiaren bueltan egindako mobilizazio jendetsuak.
Zinemaldian, nabarmentzeko modukoa da irailaren 20an Kursaaleko zubian egindakoa, bi ekintzaile zubitik zintzilikatu baitziren, zubia hainbat orduz itxita edukiz. Era berean, historikoa izan da jaialdi osoan zehar aktore eta zinemagile gehien-gehienek Palestinaren aldeko txapak eraman izana soinean. Lanketa horren atzean egon direnetako bat izan da Otxoa: «Konturatu gara jende askok bere kabuz ez duela keinuak egiteko iniziatiba hartzen, baina proposatzen diezunean edo baliabideak ematen dizkiezuenean, baiezkoa ematen dute, eta hori Zinemaldiko txapekin ikusi da».
«Etengabe daude mobilizazioak, Donostian eta Euskal Herrian. Horrek erakusten du oinarri konprometitu handi bat dagoela»
Igor Otxoa, Donostia Palestinako kidea
Asko dira aipatutakoak, baina gehiago ere izan zitezkeen, izan ere, «gorabeherak daude, noski, baina etengabe daude mobilizazioak, bai Donostian eta bai Euskal Herrian. Eta horrek erakusten du oinarri konprometitu handi bat dagoela», nabarmendu du Otxoak. Ildo beretik, «bi urte hauetan zerbait nabarmendu behar bada, da manifestazioak oso-oso aktiboak izan direla, atzean gelditu direla paseo estiloko mobilizazioak eta oihuak eta haserrea oso presente egon dira», gaineratu du Askapenako kideak.
Nabarmendu behar da, halaber, Israelgo Estatuak hamarkadak zeramatzala, 2023ko urriaren aurretik, Palestinaren aurkako apartheid politikak, kolonizazioa, erailketak eta atxiloketak gauzatzen, eta, horregatik, Palestinarekiko elkartasuna ez zela duela bi urte hasi Donostian. «BDZtik eta Donostiako eragile internazionalistetatik, urtero, gutxienez bi egunetan saiatu gara palestinar auzia kalera ateratzen eta tentsio minimo bat mantentzen: martxoaren 30eko Palestinar Lurraren Egunean eta maiatzaren 15eko Nakba egunean».
Merezi du
Otxoak aitortu du «frustragarria» izan daitekeela etengabe mobilizatu eta, bi urteren ondoren, genozidioak aurrera jarraitzen duela ikustea, baina ahotsa goratzen jarraitu behar dela nabarmendu du. Ez berak soilik, baita Martutenen bizi den Rahaf Shamali palestinarrak ere, Sol Band musika talde gazatarreko abeslariak: «Gazan jarraitzen du nire familiak, eta, ahal dudan bakoitzean, hemengo manifestazioen eta bestelako elkartasun erakustaldien irudiak bidaltzen dizkiet, sentitu dezaten ez daudela bakarrik; hori oso garrantzitsua da beraientzat».
«Gazako nire jendeak sentitu behar du ez dagoela bakarrik, jende asko dagoela euren alde, bizitzeko eskubidearen alde»
Rahaf Shamali, Sol Bandeko kidea
«Ez dut beste inon ikusi Euskal Herriak Palestinarekiko duen elkartasun hori —banderak leku guztietan, manifestazioak etengabe…—, ezta herrialde arabiarretan ere», gaineratu du Shamalik, baita Martutene auzoa eta, oro har, Donostia berarentzat «etxe» bilakatu direla nabarmendu ere: «Galizian egon berri naiz kontzertu batzuk ematen, eta Donostiara itzultzean, ‘etxean nago’, esan nion neure buruari. Gaza nire etxea da, eta Martutene nire bigarren etxea».
Eta orain zer?
Bi urte pasatu dira 2023ko urriaren 7 hartatik, hamarnaka mobilizazio eta elkartasun erakustaldi egin dira Donostian eta beste hamaika tokitan, genozidioaren kontrako eta sionismoaren aldeko jarrera sozializatu da, NBEk ofizialki esan du Israel egiten ari dena genozidio bat dela eta estatu ugari Palestinako Estatua aitortzen ari dira. Baina, genozidioak aurrera jarraitzen du. Zeintzuk dira, orduan, eman beharreko hurrengo pausoak?
Otxoak argi dauka: «Hitzetatik ekintzetara pasatuko diren urratsak behar dira, ekintza zehatzak. Etxera begira, hor daukagu CAF enpresa sinbolo gisa, baina beste asko ere badaude, harremanak dituztenak Israelekin. Eta erakunde publikoek ere ekintza zehatzak egin behar dituzte. Hitzak sobran zeuden aspalditik, baina bi urte pasatuta, are gehiago». Ildo beretik jo du Askapenako militanteak: «Israelekin harremanak eten behar dira eta ez daitezela harreman berriak egin. Kaleko konfrontazioaren bitartez, era berean, lortzen ari gara hainbat erakundek eta enpresek harremanak etetea eta pausoak ematea».

Irudi gogorra erakutsi zuen Alderdi Ederren ekainean egindako ekitaldiak.Joseba Parron San Sebastian
Israel isolatzeko bidean, harekin harremana duen ororen aurkako boikotaren alde egiten ari dira BDZ mugimendua (BDS, Euskal Herritik kanpo) eta beste hainbat eragile nazioartean, baita Euskal Herrian ere. Entitate hauei lehentasunez boikot egitera deitu du, hain zuzen ere, BDZk: Chevron, Intel, Siemens, Hewlett Packard, Microsoft, Carrefour, Axa, Reebok, Disney Plus, SodaStream eta Re/Max. Supermerkatu askotan saltzen diren produktu israeldarrei ere boikot egitera deitu dute, hala nola, datilei. Eta, bigarren maila batean, McDonald’s, Coca Cola, Burger King, Papa John’s, Pizza Hut eta Wix enpresak ere boikotatzera deitu dute. Jakina den moduan, egunerokoan horietako hainbat erabili ohi dituzte herritarrek, eta horietako batzuk fisikoki daude Donostian.
Horrez guztiaz gain, ahotsa goratzen, kalera ateratzen eta agintariak presionatzen jarraitzearen garrantzia nabarmendu du Shamalik: «Gazako pertsona gisa, nire familia Gazan dagoelako, eta nire jendea Gazan dagoelako, esaten dizuet, ez pentsatu manifestazio batek ez duela ezertarako balio edo gutxi dela. Ez, asko da. Gazako nire jendeak sentitu behar du ez dagoela bakarrik, eta jende asko dagoela euren alde, euren bizitzeko eskubidearen alde. Guk ezin dugu genozidioa gelditu, hori agintariek egin behar dute, baina Palestinaz hitz egin dezakegu, zarata egin dezakegu eta goikoak presionatu ditzakegu».
Donostia erreferente izan da horretan bi urteotan, hainbat aldiz; Donostiaz harro egoteko arrazoiak eman dituzte donostiarrek. «Donostia, Palestinarekin elkartasun etengabean», dio erreportaje honetako titularrak; etengabea ez ezik, izan dadila nekaezina ere elkartasun hori.

Donostiako Udala ere Palestinaren alde eta Israelen aurka
Herritarrak Palestinaren alde kalera ateratzea eta ahotsa goratzea garrantzitsua den moduan, oso garrantzitsua da erakunde ofizialek ere gauza bera egitea. Hori gero eta leku gehiagotan gertatzen ari da, baita Donostian ere. Besteak beste, EHU, Zinemaldia, Tabakalera eta Donostiako Udala genozidioaren aurka eta Israelekin harremanak etetearen alde agertu dira. Inoiz baino argiago esan daiteke: Donostia Palestinarekin dago.
EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Donostiak babestu zuten joan den astean ateratako erakunde adierazpena, eta PPk aurka bozkatu zuen. Adierazpenaren garrantzia nabarmendu du Ane Oiarbide bigarren alkateorde eta PSE-EEren bozeramaileak: «Beste erakunde publiko askoren keinuarekin bat egiten duen pauso batez ari gara. Mezu indartsua da eta, neurri batean, gehiengoaren jarrera bakearen alde erakusten du, konponbidea bilatzearen aldekoa, herri palestinarraren errekonozimenduari babes argia emanez». Elkarrekin Donostiako bozeramaile Victor Lasak, bestalde, «aurrekaritzat» jo du adierazpena: «Adierazpen hau aurrekari bat da: gure asmoa da beste hiri eta erakundeek ere bidea jarraitzea, presioa handituz maila lokalean, gero eskualdean eta nazioartean».
Ildo beretik, adierazpenak «eragin mugatua» izango duela aitortu du EH Bilduko Juan Karlos Izagirrek, baina ekarpen txikien alde agertu da: «Sinetsita nago aletxo txiki askok eragina izan dezaketela. Uste dut hainbat arlotan izango duela eragina: kultura, kirola, hitzarmen batzuk…». Eneko Goia alkatearen adierazpenak ere jaso nahi izan ditu Irutxuloko Hitzak, baina jasotako erantzuna izan da erakunde adierazpenean jasotakoetatik harago udal taldeak ez duela ezer gehiago eransteko.
Zer gehiago egin daiteke?
Erakunde adierazpena onartuta, genozidioak aurrera jarraitzen duen honetan, zer gehiago egin daiteke udaletik Palestinaren alde? Izagirreren ustez, «ezer ez egitea eta beste aldera begiratzea da planteatu ezin dena». «Esango nuke kostatu egin zaigula instituzioetatik erantzunak ematen hastea; egunero ikusten genuen zer zegoen! Honetan ere herritarrak aurretik joan direla esango nuke. Bakoitzak bere arloan jakin behar du zer egin lezakeen, baina gauza txikiak izanda ere, denak balio dute gertatzen ari dena salatzeko eta kontzientziak mugiarazteko».
Oiarbideren ustez, aldiz, udalaren esku dagoen «guztia» egiten ari dira: «Ahotsa altxatzen eta benetako aldaketak eragin ditzaketenei laguntzen jarraituko dugu». Lasak, ordea, hiru lan ildo nabarmendu ditu: «Instituzioetan: harreman instituzional eta ekonomiko oro etetea Israelekin, eta udala giza eskubideen aldeko sareetan aktiboki sartzea. Herritarren artean: elkartasun ekimenak laguntzea, gune publikoak eta baliabideak eskaintzea Palestinaren aldeko mugimendu sozialek jarduera egin dezaten. Eta, nazioartean, Donostia erreferente bilakatzea, hiri palestinarrei laguntza zuzena eskainiz eta, aldi berean, beste udalerriak ere antzeko neurriak hartzera animatuz».