GKSk Palestinako genozidioaren aurkako mobilizazioa egingo du arratsaldean
Koordinakundeko kideek bihar arratsalderaino mantenduko dute kanpaldia eta iragarri dutenez, bi mobilizazio egingo dituzte, gaur eta bihar (19:00).
GKSren agerraldia, Artzain Onaren katedralean. Olatz Balda Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) atzo arratsaldetik darama Artzain Onaren katedralean kanpatuta. Kideek kanpin dendaz bete dituzte katedralaren lorategiak, Palestinako erresistentziari babesa adierazi eta sarraski sionista salatzeko. Gazteek azaldu dutenez, Euskal Herrian egiten ari diren hamaika ekimenei egindako “ekarpen bat” da eurena, eta bide horretan, protestara deitu dute: arratsaldeko zazpietan mobilizazioa egingo dute katedralaren parean; bihar, berriz, Alderdi Ederrera lekualdatuko dituzte aldarriak, ordu berdinean egingo den ekintza politikora.
Koordinakundeko kideek Europako Batasunaren Israeli ematen dion babesa salatu dute: “Europako gobernuek, NATOren esanei jarraiki, Israel armaz hornitzen dute eta bererekin harreman komertzial estuak mantentzen dituzte”. Horregatik, zuriketatzat dute Espainiako, Norvegiako eta Irlandako gobernuek, Palestinar estatua onartu izana. Kideen arabera, hauteskundeko interesei baino ez die erantzuten jarrera aldaketa horrek: “Palestinar herriak duen babes zabaleren jakitun dira. (…) Benetan genozidio hau amaitu nahi badute, Israeli ematen dioten sostengua bertan behera utzi behar dute”.
Aurreko egunotan iragarri moduan, Europako hauteskundeetan abstentziorako deia luzatu du EHKS —Euskal Herriko Koordinadora Sozialistak— eta manifestaziora deitu dute Bulebarretik biharko (19:00). Mugimendu sozialistak NATOren eta Europako Batasuneko erakundeen jarrera gaitzetsi eta “sarraskiaren” konplizeak seinalatzea dute xede. Manifestazio handi horrekin aurreikusten dute, halaber, bi egunetako kanpaldia bukatzea.


