Ehun urte pasatu dira Itsas Jauregiaren lehen harria jarri zutenetik
Gipuzkoako Ozeanografia Elkartea 1914an hasi zen itsas historia, ozeanografia eta akuarioa uztartuko zituen eraikin baten bila. Sei urte geroago, leku aproposena topatu zuten inauguratu berria zen Pasealeku Berriaren bukaerako moilan.

Donostiako Aquariumaren mendeurrenerako hiru urte falta badira ere, eraikinaren abiapuntu izan zen Itsas Jauregiari duen garrantzia eman diote. Izan ere, 100 urte bete dira jauregiaren lehen harria jarri zutenetik. 1925eko irailaren 22an izan zen, eta ekitaldi esanguratsu bat egin zuen Gipuzkoako Ozeanografia Elkarteak. Garaiko agintari politikoek eta erlijiosoek parte hartu zuten, eta Kontxako badia banderez beteriko itsasontziek hartu zuten. Aldiz, Aquariumaren inaugurazio ofiziala hiru urte geroago izan zen, 1928an.
Itsas Jauregia eraikitzeko asmoa, ordea, hogei urte lehenagokoa da. 1908an, Donostian ozeanografia elkarte bat sortzeko ahaleginak hasi zituzten. Asmo horrek bere emaitzak eman zituen urte hartako irailaren 19an. Batzar eraikitzailea egin eta lehen akta jaso zuten. Une horretan sortu zuten Gipuzkoako Ozeanografia Elkartea.
1910era arte, elkarteak lehen urratsak egin zituen, baina urte hartan bertan, laborategi ozeanografikoa eratzea erabaki zuten. Barrutia Gipuzkoako Salbamenduen Elkarte Humanitarioak Donostiako moilan utzitako lonja batean kokatu zuten, eta arrantzaleentzat zabalik mantentzea adostu zuten. 1914an, museo egonkorraren ideia sustatu zuten, eta eraikin bateko hiru solairu alokatu zituzten, solairu bakoitzean gai bat kokatuz: itsas historia, ozeanografia eta akuarioa —1917ra arte zabaldu ez zutena—. 1915ean, berriz, elkartearen zientzia zerbitzua antolatzen hasi ziren, Odon eta Fernando de Buen aita-semeen bidez. 1918an laborategiaren behin betiko proiektua aurkeztu zuten, hura Pasealeku Berriko eraikin berri batean kokatzeko asmoarekin.
Leku aproposa
Gipuzkoako Ozeanografia Elkarteko zuzendaritza egoitza propio baten bila hasi zen, eta, 1920an, topatu zuten: Pasealeku Berriaren bukaeran, moilarekin bat egiten zuen tokian. Finantziazio arazoak gaindituta, Juan Carlos Guerra arkitektoa izan zen eraikina diseinatu zuena. Lanak, berriz, lehen harria jarri eta bost hilabetera hasi zituzten. Aurrekontua garaiko 172.192,20 pezetakoa izan zen, eta gainkostua 300.000 pezetakoa.