Martuteneko jaiak, «auzo harrotasuna» indartzeko
Ofizialki ostiralean hasiko diren arren, bihartik aurrera jada hainbat jarduera izango dira Martutenen, auzoko jaiak ospatzeko. Adin guztietarako zereginak antolatu dituzte, «auzolanean»

Martutenekoa izatea, gaur egun, «Donostiako turismotik urrun dagoen auzo baten taupada bihotzean eramatea da». Halaxe, harrotasun horrekin abiatuko dituzte datorren hastean auzoko jaiak, lelo honekin: «Martutenekoa naiz eta harro nago!». Zabaldu duten irakurketan, ondorengoa irakur daiteke: «Hemen, hurbiltasunaren balioa ez da soilik geografikoa: gizatiarra da. Martuteneko kaleak istorio partekatuz, elkarrizketa zintzoz eta iragarri beharrik ez duen elkartasunez ehunduta daude. Auzotarra izaten da inongo presarik gabe nola zauden galdetzen dizuna, auzoko denda eta tabernetan ezagutzen zaituzte, gaurkotasunarekin nahasten diren oroitzapen horiek guztiak dira».
Auzo txikia izanagatik –2.700 biztanle inguru dira–, jaiei balio handia ematen diete bizilagunek, komunitatean sakontzeko balio dutelako: «Asko aldatu da auzo hau historian zehar, baina izaera ez da aldatu. Denok ezagutzen dugu elkar, eta horregatik maite dugu gure auzoa», diote jai batzordeko kideek.
Hain zuzen, azaldu dutenez, auzolana da jaien oinarrietako bat. «Zazpi lagun inguru gara jai batzordean, baina inguruan jende mordoa inplikatzen da, txandak egiten, materiala uzten eta abar… Beti eskertzen da laguntza gehiago, baina pozik gaude auzoaren parte hartzearekin», azaldu dute. Adibide bat jarri dute: «Haurren merienda egiterakoan, izozkiak banatzen dira. Izozki horiek Loco Polo enpresak ematen dizkigu, enpresaren jabea Martuteneko bizilaguna delako». Horrela, bada, ahal duenak ahal bezala egiten du ekarpena, denon artean jai herrikoiak osatuz.
Adin guztientzako egitaraua
Jubilatuentzako egitarauarekin hasiko dira jaiak datorren ostegunean. 100 lagunentzako bazkaria prestatuko dute, eta tiket «oso gutxi» geratzen direla ziurtatu dute antolatzaileek. Jubilatuen elkartetik atera, eta erretiratu guztientzako eskaintza izango da bazkaria, eta, ostean, auzoko jubilatu batek parte hartzen duen antzerki bat izango da.
Haurrek asteazken eta ostiralean izango dituzte jolasak eta aipaturiko merienda. Gazte eta helduentzat ere izango da egitaraurik, noski. Danborradaz gain, aurtengo musika eskaintza nabarmendu dute antolatzaileek. Larunbatean, hilak 11, 18:00etatik 03:30era auzoan zehar barreiatuta DJ eta kontzertu ugari egongo baitira, «adin eta gustu guztietarako».
Egun handiena, ordea, igandea izango da aurten ere, sagardo egunarekin. Inguruko herrietako tradizioa ezagututa, jende mordoa hurbiltzen da auzora, eta ziur dira aurten ere halaxe izango dela. Auzoaren harrotasunerako asteburu bat gehiago.