Medikuek greba eguna dute, estatutu marko propioa lortzeko
Euskadiko Sendagileen Sindikatuaren deialdiarekin bat eginez, Amara Berriko anbulatorioaren eta Donostiako ospitalearen aurrean elkarretaratu dira.
Sendagile eta medikuntzako profesional ugari elkartu dira Amara Berriko anbulatorioaren aurrean.Inaxio Esnaola Gaur, hilak 3, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako medikuak greban daude, estatutu marko propioa eskatzeko. Euskadiko Sendagileen Sindikatuak bat egin du Espainiar Estatuko medikuen sindikatuekin, eta hainbat mobilizazio antolatu dituzte. Donostian bi elkarretaratze egin dituzte, Amara Berriko anbulatorioaren eta Donostiako ospitalearen aurrean.
Grebaren helburua da erakundeen arteko indarrak batzea, negoziazio mahai eta estatutu marko propioak lortzeko, medikuentzat eta kirurgialarientzat. “Estatutu berri honek gure aldarrikapen nagusiak jaso behar ditu, Osasun Ministerioari APEMYFeko gainerako kideekin batera egindako dokumentuan jakinarazi genion moduan”, nabarmendu du sindikatuak.

Sendagile eta medikuntzako profesional ugari elkartu dira Amara Berriko anbulatorioaren aurrean.Inaxio Esnaola
Amara Berriko elkarretaratzean, aldarrikapen nagusiak aipatu dituzte sindikatuko kideek:
- A+: Sailkapenaren goreneko talderako sarbidea medikuentzat eta goi mailako tituludunentzat gorde behar da, bakoitzaren eginkizunaren eta bere jardun eremuan eskatzen den erantzukizunaren arabera.
- Derrigorrezko Lanaldi Osagarria pixkanaka kentzea: Lanaldi arruntetik (35 ordu) kanpo lan egindako denbora orok borondatezkoa eta sustatua izan behar du, ordainsari egokiarekin eta bidezko konpentsazio-atsedenekin. Horretarako, datozen hiru urteetan pixkanaka ezabatzea proposatzen dugu.
- Guardiak: Lanaldi arruntaren eta apartekoaren batura ezin izango da hamazazpi ordutik gorakoa izan, etenik gabe. Lokalizatutakoak lan egindako denboratzat hartu behar dira ondorio guztietarako (atsedenaldiak, konpentsazioak…).
- Txandaka lan egiten duten medikuen nekagarritasuna, osasunerako arriskua eta uztartzeko zailtasuna (gauekoak, jaiegunak) aintzat hartzea.
- Gure lanbidearen arriskua kontuan hartzea, Gizarte Segurantzako araubide berezi batean sartzeko.
- Ordezkaritza: Negoziazio-eremu propioa Estatuko instantziatik autonomikora, gure berezitasuna dela eta, Medikuen eta Fakultatiboen Mahai Sektorial bat eratuz, berari dagozkion gaietan Negoziazio Mahai Orokorretik independentea.
- Enplegu publikoaren eskaintzak (EPE): Oro har, merezimendu lehiaketa bidez egingo dira.
- Erretiroa: Aldez aurretik eskuratzeko aukera, erosahalmen galdu gabe, arrisku jarduerak aitortuta eta aparteko lanaldiaren %100 zenbatuta.
- Aparteko ordainsariak: Hileko soldata ez ezik, hirurtekoak eta osagarri guztiak ere jaso behar dituzte.
- Irakaskuntzako osagarria, BAMEak prestatzeaz arduratzen diren fakultatiboentzat.
- Lanbide garapena: Jarduera profesional osoa aintzatestea, BAME prestakuntzako urteak barne.
- BAME guardiak: Egoiliarraren borondatezko akordiorik ezean, ezingo dira hilean lau baino gehiago izan, eta horietako bat baino ezin da izan larunbata, igandea edo jaieguna. Ordu arruntaren ordainsariaren %150 jasoko du gutxienez.
- BAME ordezkaritza: Autonomia erkidego bakoitzean BAME Enpresa Batzorde bat sortzea, lau urtean behin hauteskundeen bidez aukeratutako egoiliarrez osatua.
“Osasun sistema gure asistentzia lanean oinarritzen den arren, Osasun Ministerioarekin dugun negoziazio mahaian ia ez da medikuen eta fakultatiboen ordezkaritzarik. Hori dela eta, mahai propio bat eskatzen dugu gure eskaerak luzatzeko. Badakigu bide latza dugula aurretik, eta gure helburuak lortzeko mobilizazioak egiten jarraitu behar dugu”, adierazi dute.


