Tabakalerak Manuela Carmena, Maialen Lujanbio eta Katya Colmenaresen arteko topaketa antolatu du
Datorren urriaren 9an eta 10ean, Tabakalerak, bere hamargarren urteurrena ospatzeko jarduera programaren barruan, Emaus Gizarte Fundazioarekin elkarlanean antolatutako Hiru(H)ari Pluribertsitatea, kultura eta komunitatea topaketa hartuko du, “kultura gizartea eraldatzeko tresna gisa pentsatzeko eta haren inguruan jarduteko espazioa”.
Lehenengo egunean, urriaren 9an, hiru ahots ezagunen arteko solasaldia antolatu dute: Manuela Carmena, epaile emeritua eta Madrilgo alkate ohia, justizia sozialari, gobernantza parte-hartzaileari eta kultura publiko inklusiboari lotutako ibilbidea duena; Maialen Lujanbio, bertsolaria eta sortzailea, ikuspegi feminista bertsolaritzan txertatzen aitzindaria, eta Katya Colmenares, pentsamendu kritiko dekolonialean eta bizitza komunitatea etorkizun politiko eta kultural gisa proposatzen espezializatutako filosofo mexikarra. Estitxu Garai Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak gidatuko du saioa. Funtsezko gaiak aztertuko dituzte gonbidatuek, hala nola komunitateak kultura herrikoitik birsortzea, herritarren elkarte eta sareen eginkizuna, tradizioaren eta garaikidetasunaren arteko harremana sortze-prozesuetan eta tokian tokiko esperientzietatik eta esperientzia globaletatik datozen ikaskuntzak.
Urriaren 10ean, Hiru(H)ari: Txirikorda. Lan-saio praktikoa izango da, unibertsitatea, kultura eta komunitatearen arteko topagunea. Elkarte, kolektibo eta unibertsitateetako hirurogei bat lagunek hiru ahizpen—artoa, babarruna eta kalabaza— metaforaren inspirazioa landuko dute; milaka urteko labore horiek interdependentziaren eta elkar zaintzaren ikur dira. Colaborabora erakundeak koordinatuko du saioa, eta lankidetza sortzaileak aktibatuko ditu, elkarte-bizitza, komunitate-loturak eta kultura garaikidearen ahalmen eraldatzailea indartzeko.
Biografiak
Manuela Carmena (Madril, 1944) epaile emeritu eta Madrilgo alkate ohiak (2015-2019) eskubide sozialen defentsan eta kultura publiko inklusiboko politikak bultzatzen jardun da bere ibilbide profesionalean. Politikagintzan aritu ondoren ere, gizartearekiko konpromisoari eusten dio Zapatelas bezalako ekimenen bidez. Bertan, bazterketa arriskuan dauden pertsonen laneratzea sustatzen du.
Maialen Lujanbio Zugasti (Hernani, 1976) bertsolaria eta Arte Ederretan lizentziatua da, eta 30 urte baino gehiagoko ibilbidea du Euskal Herri osoko plazetan inprobisatzen eta bertsolaritzaren molde eta genero ezberdinak arakatzen. Gainera, inprobisazioa eta beste diziplina batzuk uztartzen dituzten proiektu artistikoetan parte hartzen du, eta bertsoaren eta hitzaren adierazteko aukerak ikertzen ditu.
Katya Colmenares, mexikarra, askapenaren filosofoa eta Giza Zientzietan doktorea Filosofia Politikoan Unibertsitate Autonomo Metropolitanoan (UAM-I), prestakuntza politikoko programak koordinatu ditu eta Akal argitaletxeko Enrique Dussel Liburutegia zuzentzen du. Askapenaren filosofiari buruzko hainbat lan idatzi eta argitaratu ditu, besteak beste, Hacia una Teoría de la Modernidad/Colonialidad eta Enrique Dusselen Antología de Filosofía de la liberación.


