Txuri Urdinek taldearen maila neurtzeko partida jokatuko du
Lehen jardunaldian Gasteizko Tartalori 22 gol egin ondoren, Majadahonda hartuko dute bihar, Anoetako izotz pistan (14:30).
Txuri Urdin eta Tartalo taldeen arteko partida izan zen ligako lehena.Txuri Urdin Tenperatura pixkanaka hozten ari denean, Txuri Urdineko neskak eta mutilak lehian dira. Iraileko azken aurreko asteburuan jokatu zituzten ligako lehen partidak, eta, egiari zor, ikusgarritasunik ez genien eman. Bigarrenean, ordea, izango dute. Txuriko neskek ligako bigarren eta hirugarren neurketa jokatuko dituzte asteburuan. Bihar eta etzi, 14:30ean, Anoetako izotz jauregian. Majadahonda izango dute aurrez aurre, azken urteotako arerio gogorrena. Bi bider neurtuko dituzte indarrak. Lehen jardunaldian erakutsitako nagusitasuna —Gasteizko Tartalo taldearen 22 eta 0 irabazi zioten—, hobeto neurtzeko baliagarria izango da. Txuriko mutilek, berriz, ez dute norgehiagokarik izango. Dagoeneko hiru partida jokatu dituzte; bi garaipen eta porrot bat.
Eskubaloian, Bera Berak lidergoari eutsi ondoren, Morvedre hartuko du bihar, Gaska kiroldegian (19:45). Ligak ez du etenik donostiarrentzat, eta sailkapeneko azken postuetan dagoen arerio bat gainditu beharko dute.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek liga abiatuko du etxean, etxekoekin. Hamar jokalariz osaturiko talde berritua ikusteko eguna izango da. Kanaria Handiaren kontra jokatuko dute bihar, Gaska kiroldegian (17:00). Azu Muguruzak gidaturiko taldeak garaipen batekin hasi nahi du sasoia. Bestalde, Gipuzkoa Basketek etxeko aurreneko porrota ahazteko norgehiagoka zaila izango du. Estudiantesen pistan ariko dira etzi, 18:30ean.
Futbolean, Realeko neskek bosgarren garaipena jarraian lortu nahi dute. Horretarako, Tenerife mendean hartu beharko dute bihar, 12:00etan, Zubietan. Konfiantzarekin eta joko maila onarekin ari dira txuri-urdinak, eta oraindik ez dute helburu zehatzik jarri denboraldi honetarako. Hori bai, goiko postuetan egonkortzeko bidean dira. Realeko mutilek, berriz, jaitsiera postuetatik ateratzeko neurketa jokatuko etzi, Anoetan (18:30). Rayo Vallecano izango dute parean, Realaren antzera bost puntu batu dituena. Irabazten duenak arnasa hartuko du selekzioen etenaldiaren aurretik. Berdintzeak ez du balioko, eta galtzeak nabarmen ilunduko du galtzailearen egoera.
Belar hockeyan, Realak Atletic Terrassaren zelaian jokatuko du etzi, 12:00etan. Bat irabazi eta bat galdu ondoren, hirugarrenak erakutsi du txuri-urdinak zertarako gai diren. Momentuz, sailkapenaren behealdean daude.
PARTIDAK
Izotz hockeya
Emakumezkoen lehen maila, 2. eta 3. jardunaldiak
- Txuri Urdin – Majadahonda (bihar, larunbata, 14:30)
- Txuri Urdin – Majadahonda (etzi, igandea, 14:30)
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 5. jardunaldia
- Bera Bera – Morvedre (bihar, larunbata, 19:45)
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 1. jardunaldia
- Ibaeta Basket – Kanaria Handia (bihar, larunbata, 17:00)
Gizonezkoen bigarren maila, 2. jardunaldia
- Estudiantes – Gipuzkoa Basket (etzi, igandea, 18:30)
Futbola
Emakumezkoen liga, 6. jardunaldia
- Reala – Tenerife (bihar, larunbata, 12:00)
Gizonezkoen liga, 8. jardunaldia
- Reala – Rayo Vallecano (etzi, igandea, 18:30)
Belar hockeya
Emakumezkoen liga, 4. jardunaldia
- Atletic Terrassa – Reala (etzi, igandea, 12:00)


