Udazkenari ongietorria emango diote Amara Berriko Superxagu jaiek
Orain bai, auzoetako udako jai herrikoiak amaitzear dira. Festazaleek azken bi geltokiak dituzte datozen asteari begira: Martutene eta Amara Berri. Azken horretan, ia dena prest dute jarduera ugarirekin etorriko den Super Xaguri ongietorria egiteko.

Jaiak egiteko baimenik ematen ez zietela eta, Turismo bulegoaren —CAT gaztelaniaz– aurrean, Super Xaguren iruditegia sortu zuen mende hasieran Amara Berriko jai batzordeak. Urtez urte errotzen joan dira, eta gero eta gehiago dira parte hartzen duten auzotarrak. Jai batzordeko kide Noa Goikoetxeak eta Mikel Sarasolak gogoratu dute ezagutu zituztenean «gertuagokoak edo txikiagoak» zirela, baina azken hamarkadan «bestelako dimentsio bat» hartu dutela, bereziki, pandemia ondoren. «Agian ez gara Donostiako beste jai batzuen modukoak, Kaiko karmenak, esaterako; baina bagara nolabaiteko erreferentea, eta horretan lan egiten dugu ere jendea animatzeko», aitortu du Goikoetxeak.
Hiru oinarri dituzte: feminismoa, auzoa eta euskara. «Hortik saiatzen gara jaiak eraikitzen eta horren baitan lanketak egiten auzoari begira», zehaztu du Goikoetxeak. Apirila bueltan ekiten diete festei lotutako bilerei, baina Aste Nagusia igaro arte prestaketek ez dute abiada hartzen. Izan ere, tartean, bestelako jarduerak ere antolatzen dituzte kanpora begira edota euren arteko harremanean sakontzeko. Hamabost bat kideko taldea da, azken urteetan «asko berritu» dena kideen esanetan, eta inguruan badituzte beste zenbait eskukaldia emateko.
Bi jarduera ikur
Bereizgarri ez badira ere, badituzte bi ekimen berezi, auzoetako beste jaietan topatzen ez direnak: IV. Nazioarteko Harri-Orri-Ar txapelketa eta NAN jaurtiketa. Larunbat gauean aurrera eramango dituzte biak. Azken hori urriaren 12aren bueltan egiten dute; «jai egun arrotz hori» ospatu nahi ez dutenez, festa kutsua duen aldarrikapena egiteko modu bat da. Hainbat jarduera egin izan dituzte data horretan, azkena eta arrakasta gehien izan duena, NAN jaurtiketarena izan da.
Urteroko apustua dute haurrentzako eta, orokorrean, auzoko familientzako «bestelako eskaintza» bat sortzea; aurten, gainera, haiekin batera prestatu dute. Iaz, TXIKIsorpresak «arrakasta handia» izan zuen eta aurten ere egingo dute, ostiralera aurreratuta. Berrikuntzen artean, adin guztietako lagunei begira, zirku tailerra egingo dute igandean. Azaldu dutenez, Super Xaguk «gaitasun handia du» umeengana iristeko eta bai Katalin Erauso bai Amara Berri ikastetxeetako ikasleekin lanketa egiten dute. Eurak izango dira, beste behin, aniztasunari eta euskarari lotutako horma irudiaren egileak, astelehenean eta asteartean.
Jende gehien erakartzen duten jarduerak zeintzuk diren galdetuta hirutan ados daude bi gazteak: danborrada, paella lehiaketa eta herri bazkaria. «Danborrada da dimentsioz handitzen joan den jarduera nabarmenena. Urtero danborrik eta barrilik gabe gelditzen gara». Ez da broma, 100-110 bat lagunen bueltan batzen dira makilei eraginez burrunba sortzeko. Paella lehiaketan, aldiz, 25 paella da muga, bakoitza prestatzen dabiltzan partaideen kopurua aldakorra izanik. Haiek prestatutakoa dastatzeko 200-250 bat pertsona elkartzen dira herri bazkarian. Eta ez jateko soilik, postrea ere ekartzen dute. «Animatzen denak ekartzen du bizkotxoa, urtero dezente ditugu».