Zardoya «uztea» erabaki dute, ezin dutelako «hustu»
Herrerako Zardoya eremuko hirigintza garapenari oniritzia eman zioten pasa den asteko udalbatzarrean, EAJren, PSE-EEren eta PPren aldeko botoekin. Horren aurrean, Herripe auzo elkartea auzitara jotzea aztertzen ari da.

Hiru urte inguru igaro dira Zardoya Otis enpresak Herrerako pabiloiak utzi eta Eskusaitzetako egoitza berria inauguratu zuenetik. Ordutik, eremu hura utzita dago, eta etxerik gabeko 140 bat pertsona bizi dira eraikin zaharretan. Donostiako Udal Gobernuak badu bere proiektua gune horretarako, eta lehen urratsa pasa den astean egin zuen, iraileko udalbatzarrean. Zardoya eremuko hirigintza garapenari hasierako onarpena eman zioten udal gobernuko bi sozioek —EAJk eta PSE-EEk–, eta PPk. Aldiz, proiektu horren kontra bozkatu zuten EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak.
Hiri antolamenduko plan orokorraren aldaketa da onartu zutena (AL.05 Jolastokieta, AL.06 Pikabea eta Erregeneako lursailak). Horren bidez, industriala izandako eremu degradatu horren erabilera aldatu egingo dute, bizitegi erabilera eta erabilera tertziarioa emateko. Horrela, pabiloi zaharrak bota eta eremu horretarako aurreikusita dagoen 400 bat etxebizitzako hirigintza garapena gauzatzen hasi daiteke udala.
Herrerako Herripe auzo elkartea eta auzotar ugari hirigintza garapen horren aurka agertu dira, hasieratik. Auzo elkarteko hainbat kide pasa den asteko udalbatzarrean izan ziren, kontrakotasuna berresteko. Altzak, hiriko auzo populatuenetako bat izanik, bestelako behar asko dituela uste dute. Ordea, argi dute udal gobernuak azken bururaino eramango duela etxebizitzak egiteko proiektua, denboran asko luzatu daitekeen arren. «Udalbatzarrean hasierako onarpena eman ziotenez, auzoan zabaltzen hasi da berehala botako dituztela eraikin horiek. Ordea, ez dute eperik ezarri, eta prozesuak luze jo dezake. Alegazioak aurkezteko 45 eguneko epea ezarri dute, gero horiek erantzun behar dira», adierazi du Jose Angel Apaolaza Herripeko kideak.
Ardurak eta erantzukizunak
Udalari hainbat eskaera egin dizkio Herripek, eta azken hilabetean jaso dituzte lehen bi jakinarazpenak. Batetik, adierazi diete Zardoya eremuko jabeei —bost dira— isunak jarri dizkietela, eta neurriak hartzeko epe bat ezarri dietela. «Gunea degradatzen ari da eta badirudi administrazioak ezin duela ezer egin. Eraikin horien egoera okerrera doa, jendea sartzen ari da jabego pribatu horietan, eta inork ez du ardurarik zein erantzukizunik. Udalak esan zigun ezin zuela ezer egin, ez zela beraien eskumena, jabe diren promotoreena baizik. Horren aurrean, auzitara jotzeko esan ziguten, eta hori da orain aztertzen ari garena», azaldu du Apaolazak.
Epaitegietara jotzeko modua lantzen ari dira, aurrekari batek bultzatuta. «Bere garaian, Illarrako bizilagunek auzitara jo zuten, eta, hein batean, arrazoia eman zieten. Batez ere, gune berdeen aferan. Hemengo 5.000 metro koadro inguru Igeldoko Erregenea lursailera eramatea legala da, baina juridikoki zalantzak sortzen dizkigu. Eremu hura gune berde urbanotzat daukate, baina hango desnibelek eta aldapek nabarmen zailtzen dute horrela kalifikatzea. Horretarako, txosten tekniko bat beharko genuke, arkitekto batek egin dezakeena, eta aukera hori da aztertzen ari garena», nabarmendu du Apaolazak.

Herrerako hainbat bizilagun udalbatzarrean egon dira, Zardoyako proiektuaren aurkako kartelekin.EH Bildu
Pertsonak bizi dira
Zardoya Otis enpresak Herrerako pabiloiak utzi zituenean, «hesi metaliko bakar bat» jarri zutela gogoratu du Herripeko kideak: «Duela hiru urte gertatu zen hori. Orduan neurriak hartu izan balituzte, eraikinak botatzearena, adibidez, egoera oso bestelakoa izango litzateke. Ordea, utzitako eraikin horiek okupatuta daude. 140 bat pertsona bizi dira han, eta, gainera, baldintza oso kaskarretan. Dena botatzea erabakitzen badute, epaileek prozedura geldituko dute, han pertsonak bizi direlako. Infernuan eta Martutenen gertaturikoak ditugu adibide gisa».
Baldintza txarretan bizi diren pertsona horiekin arduratuta daude auzo elkartekoak. «Haien egoerak ez du hobera egingo, eta horrek eragin zuzena du auzoaren elkarbizitzan. Udalak hori badaki, baina ez du askorik egiten pertsona horien alde. Aldiz, auzoan eragin negatiboa badute, bai, orduan mugitzen dira», deitoratu du Apaolazak.
Hain zuzen ere, azken udalbatzarra egin baino astebete lehenago, miaketa bat egin zuten Zardoya eremuan, eta han bizi ziren pertsonak identifikatu zituen Poliziak. «Udalak aitzakia gisa erabili zuen Herripek eskaturiko miaketa izan zela, baina hori gezurra da. Hori bera argitaratu zuten hedabide batzuek gurekin kontrastatu gabe», kritikatu du auzo elkarteko kideak. Besteak beste, honakoa zioen auzo elkarteak udalari egindako eskaerak: «Ez dira bermatzen pertsona horien gutxieneko bizi baldintza duinak. Ez ikusiarena egitea ez da soluzioa. Edozein kasutan, ez ikusiaren eta utzikeriaren aurrean, osasungarritasun baldintza minimo batzuk exijitu behar dira».
Zardoya eremua eraitsi eta 400 etxebizitza inguru eraiki nahi ditu udalak. «Haien arazo bakarra da nola iritsi egin nahi duten proiektua gauzatzera. Urrats guztiak horretara mugatzen dira. Hustu ezin dutenez, eskumen falta argudiatuta, eremua degradatzen uzten ari dira», ohartarazi du Apaolazak.