Agitiko ingurumena «behingoz» leheneratzeko eskatu dio Eguzkik Eusko Jaurlaritzari
Igeldoko arrain haztegi zaharrean algak ekoizteko enpresa batek sustaturiko proiektuari alegazioak aurkeztu dizkio talde ekologistak.

Iraila bukaeran, Eusko Jaurlaritzako Arrantza Zuzendaritzak jendaurrean jarri zuen Igeldoko Agiti kalako arrain haztegi zaharrean algak ekoizteko proiektu bat. Blue Reef Algae enpresa da sustatzailea, eta itsas uretan mikroalgak zein makroalgak haztea du helburu. Ordea, proiektuari alegazioak jarri dizkio Eguzki talde ekologistak. “Arrazoi nagusia hau da: bada garaia luzamenduak alde batera uzteko, eta, behingoz, Agitiko kala leheneratzeari ekiteko, legeak aurreikusten duen moduan”, azaldu dute.
Eguzkiren arabera, dagoeneko “urte gehiegi” pasatu dira, eta hori justifikatzeko hiru arrazoi azaldu dituzte: “Hemeretzi urte dira, arrain haztegian jarduera bertan behera geratu zenetik; izan ere, gaur egun zeharo horma zahartuta dagoen haztegi horrek urte gehiago egin ditu jarduerarik gabe jardunean baino. Hamalau urte pasatu dira, Culmanor SAk itsas lehorreko jabari publikoan eta haren babes eremuan haztegia eraikitzeko lortu zuen baimena iraungi zenetik. Eta hamahiru urte dira, Ura Agentziak instalazio guztiak desmuntatu eta kala ingurumen aldetik leheneratzeari ekin behar zitzaiola esan zuenetik”.
Pasa den maiatzean, Gipuzkoako Batzar Nagusiek eta Donostiako Udalak, bakoitzak bere aldetik, Jaurlaritzari eskatu zioten “ahalik eta lasterren has daitezela Agiti kalaren ingurumena lehengoratzeko izapideak”. Eguzkiren iritziz, eskaera horiek “oso adierazgarriak” dira, eta islatzen dute ez dagoela arrazoirik luzamendu gehiagotan ibiltzeko, “ingurumenaren eta herritarron kaltetan”. Horiek horrela, Batzar Nagusiei eta udalari eskatu diete harturiko erabakiekin “koherente” izateko.