Gizonezko bat atxilotu dute Ibaetan, sastakai batekin mehatxu egiteagatik
50 urteko gizonezko bat atxilotu du Ertzaintzak, debekatutako arma batekin “mehatxuak egin eta lesioak egiten saiatzea” egotzita. Ibaetan gertatu da, bart, 02:45ak aldera.
Iraganeko jarrera bortitzagatik, debekatuta zuen gizonak auzoko gaueko aisialdi lokal batera sartzea; hala ere, ezezkoa jaso eta gero, autoa aparkalekutik atera zuen, joan nahian. Ordea, minutu batzuk barru itzuli zen: sastakai batekin mehatxatu zuen, eta zaintzaileetako bat autoarekin harrapatzen saiatu zen.
Ertzaintza iritsi zenean, autoa ikusi zuten alde egiten; abiadura handian zihoan eta atzeko kristala hautsita zeraman. 100 metro egin ditu aurrera gizonak, Ertzaintzak gelditu duen arte, eta eskuak bizkarrean ezkutatuta zituela atera da gizona autotik. Prebentziozko miaketa egin dute agenteek, eta kopilotuaren eserlekuaren azpian aurkitu dute sastakai bat, baita metro bateko egurrezko makil bat ere.
