Hondoa jo du Realak
Txuri-urdinek jokaturiko zortzi partidetatik bost galdu dituzte, eta jaitsiera postuetan jarraituko dute sentsazio oso kezkagarriarekin.

Mailu bat da galtzea, kirolean zanpatu ohi zaituena. Irabazteko beharrak ere abailtzen du, eta hori da Realari gertatzen ari zaiona. Asteburu beltza izan da txuri-urdinen hiru taldeentzat. Lehen mailako mutilek galdu egin zuten atzo Anoetan, Rayo Vallecanoren aurka (0-1). Berdinketa emaitza bidezkoena bazen ere, berriz ere huts egin zuten, eta, oraingoan, kopetilun dauden zaleen aurrean. Gauzak aldatu behar direla adierazi zuen Mikel Oiartzabal kapitainak neurketa bukatzean. Ordea, zer? Galdera horren ziurgabetasunarekin pasatuko dituzte egunak, orain selekzioen etena datorrelako.
Realeko neskek ere porrot mingarria jasan zuen Zubietan, Teneriferen aurka (1-2). Ondo aritu ziren bisitarien bi golek, batez ere, penalti bidez jasotako bigarrenak, aurrera egin ezinda utzi zuten taldea. Markagailua berdintzeko aukera onak izan arren, amore eman behar izan zuten. Dena dela, ez da kezkatzeko modukoa, denboraldiko lehen porrota delako. Sailkapen nagusian, hirugarren postuan jarraitzen dute, eta Tenerife da atzetik dutena. Realeko mutilen bigarren taldeari dagokionez, sekulako astindua jaso zuten Granadaren zelaian (5-2), eta bigarren mailako sailkapen nagusiko azken tokian daude.
Eskubaloian, Bera Berak ondo baino hobeto bete zituen etxeko lanak, eta aise menderatu zuen Morvedre, Gaska kiroldegian (34-25). Dena dela, Atletico Guardesek ez zuen hutsik egin, eta, beraz, lidergoa konpartitzen jarraitzen dute.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek garaipen on batekin abiatu du liga. Azken unera arte partida erabaki ez zen arren, Azu Muguruzaren neskek lau puntuko aldearekin irabazi zuten (60-56). Gipuzkoa Basketek, berriz, denboraldiko bigarren porrota jasan zuen, Estudiantesen pistan (93-88).
Izotz hockeyan, Txuri Urdinek kolpe bikoitza jaso du asteburuan. Jakin bazekiten arerio gorra izango zela Majadahonda, baina ziurrenik ez bi partidak galduko zituztela. Larunbatean, madrildarrak nagusi izan ziren neurketa osoan (0-4), eta atzo ere erakutsi zuten donostiarrak baino hobeak direla (2-8). Beraz, lehen jardunaldiko garaipen ikusgarriaren ondoren, oinak izotz gainean jarri dituzte.
Belar hockeyan, Realak ezin izan zuen punturik badut Atletic Terrassaren zelaian (3-1). Ligako talde sendoenetako baten aurka aritu ziren txuri-urdinak, eta ez ziren gai izan kataluniarrak menderatzeko.
EMAITZAK
Futbola
Gizonezkoen liga, 8. jardunaldia
- Reala 0 – Rayo Vallecano 1
Emakumezkoen liga, 6. jardunaldia
- Reala 1 – Tenerife 2
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 5. jardunaldia
- Bera Bera 34 – Morvedre 25
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 1. jardunaldia
- Ibaeta Basket 60 – Kanaria Handia 56
Gizonezkoen bigarren maila, 2. jardunaldia
- Estudiantes 93 – Gipuzkoa Basket 88
Izotz hockeya
Emakumezkoen lehen maila, 2. eta 3. jardunaldia
- Txuri Urdin 0 – Majadahonda 4
- Txuri Urdin 2 – Majadahonda 8
Belar hockeya
Emakumezkoen liga, 4. jardunaldia
- Atletic Terrassa 3 – Reala 1