Maite Rosendek irabazi du ilustrazioaren Euskadi Saria
'Traba' lana saritu du epaimahaiak, "bizipozerako" dei egiten duela aitortuz. Euskadi Literatur saria Unai Elorriagak jaso du eta Haur eta Gazte Literaturakoa Karmele Mitxelenak.

Euskadiko literatur sarietako lehen hiru irabazleak aurkeztu dituzte gaur, Bilbon. Francesco Pasqualeren bosgarren arima nobela hibridoagatik Euskarazko Literaturaren saria jaso du Unai Elorriagak eta Aitona Floren lana saritu diote Karmele Mitxelenari. Maite Rosende donostiarrak (Intxaurrondo, 1991) Traba lanagatik jaso du Literatur Lanaren Ilustrazioa ataleko saria.
Epaimahaiak nabarmendu duenez, lana “proposamen ausarta da kolore aukeraketari eta irudien figurazioari dagokionez. Testuak eta irudiak maisuki bat egin dute, eta liburuaren kutsu espresionista publiko guztiarentzat egokia da, zintzoa, zuzena eta bizipozerako dei egiten duena”.
Rosendek Hainbat liburu argitaratu ditu haur eta gazte literaturaren esparruan, eta hainbat sari jaso ditu horregatik. Bere lana Iberoamerica Ilustrak (Mexiko, 2021-2023) aitortu du eta Bolognako Liburu Azokako erakusketarako (2023) hautatua izan da. Iaz, Etxepare saria eskuratu zuen, Mamuki lanari esker.
Elorriaga eta Mitxelenarentzat sariak
Francesco Pasqualeren bosgarren arima Unai Elorriagaren (Algorta, 1973) liburuak apustu literario sendoa egiten du, Patxi Zubizarreta buru izan duen epaimahaiaren ebazpenaren arabera, “nobelaren eta narrazio liburuaren artean mugituz eta puzzle handi eta iradokitzaile bat osatuz”.
“Kontakizuna Italia hegoaldetik Euskal Herrira doan bitartean pertsonaia bizidunen bizipen eta istorio askotarikoak jasotzen ditu, gordintasunari ihes egin gabe. Idazleak baliabide narratibo ugari modu eraginkorrean erabiltzen ditu, eta irakurketa aktiboa eskatzen du liburuak, irakurlearen esku geratuz hariak jostea eta elipsiak betetzea”, ebazpenak jasotzen duenez.
Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako saridunak, Aitona Floren Karmele Mitxelenaren (Oiartzun 1988) lanak, “oso hurbileko kontakizun batean heriotza eta dolua lantzen ditu dramarik gabe, haur protagonistaren ahotsetik abiatuta, monologo erabatekoa eta zuzena eraikiz”.
Sari banaketa
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak zazpi Euskadi Literatura sari banatzen ditu, eta saridun bakoitzak 18.000 euro jasoko ditu, eta 4.000 euro gehiago lan saritua beste hizkuntza batean argitaratuz gero (Euskarazko Literatura Itzulpenaren irabazlea izan ezik, noski).
Falta diren lau sariak —Literatura Gaztelaniaz, Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz eta Saiakera Gaztelaniaz— datorren astean iragarriko dituzte.
Aurtengo Euskadi Literatura Sariak banatzeko ekitaldia azaroaren 26ean izango da, San Telmo Museoan.