Animerrola antolatu dute Rolariak elkarteak eta Ebla liburu dendak

Azaroaren 7an eta 8an, lehendabiziko Animerrola topaketa egingo dute Rolariak elkarteak eta Ebla liburu dendak. 36. Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaldiarekin lankidetzan antolatu dute. Euskaraz rol jokoetan aritzeko aukera izango dute parte hartzaileek, anime eta manga komikietan oinarritutako istorioak elkarrekin sortuz.
Rol jokoak istorioak elkarlanean sortzeko mahai jokoak dira. Jokalariek pertsonaia batzuen papera hartuko dute eta anime batean oinarritutako abentura bat osatuko dute gidariaren laguntzarekin. Jokatzeko behar den gauza bakarra mahai baten inguruan esertzea eta papera, arkatza eta dado batzuk eskura izatea da. Partidak bi edo hiru ordu ingurukoak izan ohi dira, hiru edo bost jokalarirentzat. Partida gehienetarako ez da esperientzia eduki beharrik. Parte hartzea doakoa da, baina aurretik partidetan izena eman behar da.
Egiako kultur etxean izango da azaroaren 7ko topaketa. Bi partida jokatuko dituzte 18:00etan: Chiru (Death note) eta Tximistaren bidetik liburuen bila (Atopia vs. Dragon Ball). Aldiz, Ebla liburu dendan elkartuko dira azaroaren 8an. Beste bi partida jokatuko dituzte 18:00etan: Linshoko ekaitza (Avatar, Aang-en kondaira) eta Shibuya 109 (Dandadan).