Bera Bera lidergoan iritsi da etenaldira

Denboraldiari neurria hartuta dabil Donostiako Bera Bera eskubaloi taldea. Ohorezko mailako sei partida jokatu dituzte dagoeneko, eta bost irabazi dituzte. Bosgarren garaipena atzo eskuratu zuten, Lanzaroten, etxeko taldea mendean hartuta (22-25). Ez zen neurketa erraza izan, baina bigarren zatian arerioak baino gehiago asmatu zuten. Karsten, Amores eta Ogonovszky izan ziren golegile nagusiak, eta Wiggins atezaina erabakigarria izan zen.
Neurketa bat gehiagorekin, lidergoan bakarrik geratu da Bera Bera, Atletico Guardesen aurretik. Hain zuzen ere, bi taldeak ari dira izaten ligako onenak. Dena irabazi dute, elkarren aurka jokatu eta berdindutako norgehiagoka izan ezik.
Beraz, hamabost eguneko etenaldira lanak ondo baino hobeto beteta iritsi dira. Hurrengo partida hilaren 25ean jokatuko dute Errioxaren kontra, Gaska kiroldegian.