Lan berria aurkeztu du Mihise taldeak: 'Ahaldatu'

Usurbil eta Donostia artean sortutako Mihise taldeak disko berria argitaratu du plataforma digitaletan. Ahaldatu da diskoaren izena, eta haien bigarren lana da. Aurrekoan bezala, hasieratik bukaerara jarraian entzuteko moduko diskoa da eta Balio Dute zigilu donostiarrarekin argitaratu dute.
Post rockaren eremuan hor nonbait, sintetizagailuekin ñabardurak gehituz estilo propio bat sortu dute Mihisekoek. Lehenengo entzunaldian belarri guztietara sartuko ez den arren, harribitxietarako tartea eskaintzen duena.
“Aldaketa da konstantea den gauza bakarra”. Ideia hori hartu du Mihisek disko honetako kantuak lotuko dituen hari gisara: “Hori eta gizakiok aldaketarako daukagun ahalmena. Hortik dator Ahaldatu”.
Letretan islatu nahi izan dituzte azken bost urteetan taldekideen bizipenak, aldaketaren kontzeptuaren baitan, eta dauden lekuan egotea ospatzen dute hiru taldekideek: Beñat Urteaga, Antton Aranburuk eta Mikel Olasagastik, hain zuzen.
Diskoa 2025eko udaberrian grabatu eta nahasi dute Berako Atala estudioan Iñigo Irazokiren babesean.
Masterizazioa Cadizko Kadifornia estudioan egin du Mario G. Albernik.
Hainbat kolaborazio izan dituzte lanean: Alejo Orbegozo Ke Lepo-k sintetizagailuetan laguntza eman die Dena eman, Galduta zaude eta Norbera kantuetan. Peru Galbetek ahots eder eta katartikoa eskaini die Egizu negar kantuan eta Markel eta Manex Olasagastik koruak egin dituzte Senda-bidea kantuan.
Balio Dute kolektiboaren Kutixik jaialdian aurkeztuko dute lana Donostian.