Montxo Martinez Antiaren heriotzari buruzko egia eta frogak, mahai gainera
Duela 50 urte hil zen Jose Ramon 'Montxo' Martinez Antia ETApm-ko militante egiatarra, Polizia frankistarekin izandako tiroketa batean. Bertsio ofizialak suizidioaz hitz egiten badu ere, GEBehatokiak "guztiz" ezeztatu du hipotesi hori, aurkeztu berri duten ikerketan: Poliziak tiroz hil zuela ebatzi dute. Eusko Jaurlaritzari eskatuko diote Martinez Antia biktima gisa aitortzeko.

“Egian, beti jakin dugu Montxo hil egin zutela”. Joxean Agirreren hitzak dira, Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiko kidearenak, ostegun iluntzean Egiako Gazteszena aretoan esandakoak, auzotar ugariren eta Jose Ramon Montxo Martinez Antiaren hainbat senide, lagun eta burkideren aurrean. Orain, Martinez Antiaren heriotzaren inguruko egia ez ezik, frogak ere badituzte Egian, baita Euskal Herri osoan ere. Duela gutxi bete dira 50 urte hil zutenetik, eta omenaldia egin zioten Egian.
Izan ere, familiak eskatuta, Martinez Antiaren kasuaren inguruko ikerketa sakona egin du azken urtean GEBehatokiak, eta, horren bidez, “guztiz” ezeztatu dute egun indarrean jarraitzen duen bertsio ofizialak dioena; egiatarrak bere buruaz beste egin zuela, alegia, 1975eko irailaren 18an Madrilgo etxebizitza batean Polizia frankistarekin izandako tiroketa batean. Kontrara, “erailketa” jo dute heriotzaren arrazoi posible bakartzat.
Horren guztiaren inguruko frogak argi eta garbi azaldu dituzte ekitaldian, baita ikerketaren nondik norakoak eta Martinez Antiaren ama Karmen Antiaren, arreba Elena Martinezen eta burkide Javi Ruiz de Apodakaren testigantzak jasotzen dituen Montxo, kasu irekia dokumentala proiektatu ere —hemen dago ikusgai—. Bertan izan dira egiatarraren senideak, eta ekitaldian parte hartu dute, Agirrez gain, GEBehatokiko kide Axun Lasak eta Ruiz de Apodakak berak.
Gogoratu behar da Martinez Antiak 22 urte zituela hil zutenean, eta Madrilen zegoela ETApm erakundeko talde baten kide gisa. Aurretik, Ipar Euskal Herrian errefuxiatuta egondakoa zen, Burgosko Prozesuaren harira Donostian egindako manifestazio baten harira. Hego Euskal Herrira itzultzean, ETAko eta beste erakunde armatu hainbatetako militanteen aurkako gerra kontseiluak egiten ari zen erregimen frankista, eta ETAk hainbat talde bidali zituen Madrilera eta Bartzelonara, askotariko ekintzen bidez erregimena presionatu eta militanteen erailketak ekidin nahian. Talde horietako batean zegoen Martinez Antia Madrilen eta beste batean Ruiz de Apodaka Bartzelonan, Ipar Euskal Herrian elkarrekin bizitzen aritu ostean. Mikel Lejarza El Lobo infiltratu ezagunaren parte hartzearekin, ordea, Brigada Politiko Sozialak bi talde horien eta beste hainbat militanteren aurka jo zuen, baita modus operandi berarekin jo ere. Bartzelonakoan, Andoni Campillo hil zuten; Madrilekoan, Martinez Antia.

Herritar ugari elkartu dira Gazteszenan, Jose Ramon ‘Montxo’ Martinez Antiaren inguruko ekitaldian.Beñat Parra
Ikerketa eta frogak
GEBehatokiak dokumentu garrantzitsu bat erabili du, nagusiki, bere ikerketa gauzatzeko: garaiko sumario militarra, frankistek egindakoa eta familiari esker lortu dutena. Bertan, Agirrek azaldu duenez, jasotzen da bi arma zituela Martinez Antia ustez bere gorpua aurkitu zutenean, eskuin lokian tiro bat zuela: Browning GP-35 pistola bat eta Sten MK metraileta bat. Txosten ofizialetan bertan, GEBehatokiko kideak nabarmendu duenez, “kontraesanak” daude, besteak beste, dokumentu batean esaten delako pistolarekin egin zuela bere buruaz beste Martinez Antiak eta metrailetarekin izan zela beste batean. Biak ezeztatu dituzte, ordea, GEBehatokikoek.
Pistolaren kasuan, frankisten dokumentuen arabera, ez zuen balarik errekamaran eta “muntatuta” zegoen aurkitu zutenean, hau da, kargatuta ez ezik, kolpekaria prest zuen pistolak. Azaldu dutenez, horrek, bere horretan, ezeztatu egiten du bere buruaz beste pistola erabili izanaren hipotesia, arma mota horren funtzionamenduarengatik. Izan ere, pistola mota horretan, tiro egin ostean, hurrengo bala errekamarara igotzen da, automatikoki. Ez zegoen balarik errekamaran, beraz, Martinez Antiak ez zuen tiro egin pistola horrekin.
Dokumentu batean esaten delako pistolarekin egin zuela bere buruaz beste Martinez Antiak eta metrailetarekin izan zela beste batean. Biak ezeztatu dituzte, ordea, GEBehatokikoek
Metrailetari dagokionez, Martinez Antiaren tiroa eskuin lokitik sartu eta ezker lokitik atera zela kontuan izanik, ezeztatu egin dute, baita ere, arma horrekin bere buruaz beste egin izanaren aukera. Izan ere, bainuontzi batean zegoen militantea hil zenean, eta arma horren tamainak, bainuontziaren espazioak (pareta bat zuen alde batean, pegatuta) eta odol arrastoek erakusten dute “ezinezkoa” dela metrailetarekin bere buruaz beste egin izana, nabarmendu dutenez. Horren inguruko errepresentazioa egin dute zuzenean Gazteszenako agertokian, zalantza izpirik ez uzteko eta frogak enpirikoki azaltzeko.
Desobiratzea eta testigantzak
Horrez gain, azaldu dute aurtengo otsailean Martinez Antiaren gorpuzkiak atera egin zituztela Polloeko hilerriko hobi familiarretik, Paco Etxeberria forentsearen eta Lurdes Herrasti antropologoaren “laguntza ezinbestekoarekin”, suizidioaren hipotesia baieztatzeko edo ezeztatzeko froga argigarrien bila. Ordea, gorpuzkiak uste baino egoera okerragoan zeuden dagoeneko, eta kaskezurraren eta toraxaren moduko gorpuzki “funtsezkoak” erabat deseginda zeuden. Hala ere, berretsi ahal izan zuten tiro bakar batez hil zela Martinez Antia, aurkitutako masailezur batek zuen marka batengatik.

Montxo Martinez Antiaren hilketaren hirugarren urteurrenean, 1978an, Polloe hilerrian egindako omenaldia.Mikel Gaska/Gordegia
Bestalde, Martinez Antiaren senide, lagun, burkide eta gertuko pertsona askorekin hitz egin dute ikerketan zehar GEBehatokikoek, eta denek albo batera utzi dute egiatarrak bere buruaz beste egin izana. Alde batetik, “bere izaeragatik, ideiengatik eta Montxoren perspektiba politikoarengatik”, eta, bestetik, orduan hiltzear zen Francisco Franco diktadorearen heriotzarekin ikuskatzen zuten etorkizunarengatik. Hori guztia berretsi du Ruiz de Apodakak Gazteszenako ekitaldian, azalduz “askotan” hitz egiten zutela Franco hil osteko Euskal Herriaren etorkizunaz, eta bestelakoez: “Ez dauka zentzurik suizidioarenak”.
Era berean, hainbat arduradunen izen-abizenak ere jarri dituzte mahai gainean: Francisco Franco, Carlos Arias Navarro, Jose Garcia Hernandez, Mikel Lejarza El Lobo, Federico Quintero, Saturnino Yague, Jose Garcia Valiño eta Emiliano Sanchez Mateos, besteak beste.
GEBehatokiak Eusko Jaurlaritzari ofizialki eskatuko dio 2015eko balorazioa berrikusi eta beste bat egin dezala, Martinez Antia “estatuaren biktima gisa aitortzeko”
Aitortza ofizialaren bila
Froga horiek guztiak aurkeztuta eta azalduta, argi adierazi dute aurkezpenean: “Erailketa da heriotzaren arrazoi posible bakarra”. Horrela, emango dituzten hurrengo pausoen berri eman dute.
Alde batetik, gogoratu behar da 2015ean Eusko Jaurlaritzako Balorazio Batzordeak ebatzi zuela Martinez Antiak bere buruaz beste egin zuela eta, beraz, ez dagoela ofizialki aitortuta estatuaren indarkeriaren biktima gisa. GEBehatokiak Eusko Jaurlaritzari ofizialki eskatuko dio orain, gaurkoan aurkeztu duten ikerketan oinarrituta, 2015eko balorazio hori berrikusi eta beste bat egin dezala, Martinez Antia “estatuaren biktima gisa aitortzeko eta dagokion erreparazioa egiteko”.
Jaurlaritzak hala egingo balu, estatuaren biktimentzako aurrekari garrantzitsu bat ezarriko luke etorkizunera begira, onartu ez duten eta erabakiaren aurkako errekurtsoa jarri duen biktima baten lehen kasua delako Martinez Antiarena.
Bestetik, hizpidera ekarri dute El Loboren aurka irekita duten auzibidea —ETAko hainbat militante hiltzea eta hamarnaka atxilotu eta torturatzea eragin zuen bere infiltrazioak—, Martinez Antiaren ikerketa eta auzibide hori batzeko asmoa dutelako, auzibidea zabalduz.
Guztiaren gainetik, “egia” da Martinez Antiaren ingurukoek aldarrikatzen dutena, estatuaren biktima guztiek egiten duten moduan: “Nik egia jakin nahi dut”, dio haren ama Karmen Antiak dokumentalean, hunkituta. Egia eta frogak dituzte orain beraiek eta herriak; egia ofiziala falta zaie.