Aurrekontu parte hartzaileen proiektuen lehentasuna erabakitzeko bozketa astelehenean hasiko da
Hilaren 13tik 26ra bitartean, herritar bakoitzak 123 proposamenetatik bost bozkatzeko aukera izango du.
2019ko aurrekontu parte hartzaileetan sartu zen Saguesen pertsona nagusientzat kirol parke berria eraikitzeko proiektua. Donostiako Udala Donostiako Udalak astelehenean, hilak 13, abiatuko du 2025eko aurrekontu parte hartzaileen lehen fasean egindako proposamenak bozkatzeko epea. Hala, 13 proiekturen artean bosten alde bozkatzeko aukera izango dute hilaren 26ra bitartean. Hilaren 27tik aurrera, herritarrek emandako botoen arabera, lehentasunezko proposamenen zerrenda bat egingo da; eta boto gehien jaso dutenetik gutxien lortu dutenera sartuko dituzte 2026ko eta 2027ko aurrekontuetan. 3 milioi euro banatuko dira egitasmo horien artean, 1,5 milioi urte bakoitzean.
Bi bide daude: online edota aurrez aurre Herritarren Partaidetzako bulegoan —Easo kalea 43, 1. eskuina—. Bozketan parte hartzeko 16 urte baino gehiago izan eta Donostian erroldatuta egon behar da. Pertsona bakoitzak behin bozka dezake, bost proiektu aukeratuta. Herritarren Partaidetzako Zerbitzuaren webgunean auzoka edo arloka sailkatuta ikus daitezke.
Udaleko departamentuetako teknikarien azterketaren ondoren bozketa fasera heldu diren proposamenetatik hamabost hirirako dira, eta gainerako 108ak auzoetarako, Altza (13), Aiete (11), Egia (14) edo Bidebieta (9) buru direla. Ekialdeko Barrutiak 36 proposamen batu ditu guztira, eta horien artean, Barrutiko 2026ko berezko aurrekontuko 500.000 euro banatuko dira. Gainerako 3 milioi euroak beste 87 proposamenen artean esleituko dira, bozketa-fasearen ondoriozko lehentasunaren arabera, aurrekontua agortu arte.
Proposamen guztiek interes publikoa dute eta udal eskumenekoak izateaz gain, ez dute 400.000 euroko inbertsioa gainditzen eta ekitaldi bakarrean gauza daitezke, ondorengo aurrekontuetan eragin gabe.
