Etxetik biltegira, biltegitik etxera
Filma: On Falling
Zuzendaria: Laura Carreira · Urtea: 2024 · Herrialdea: Erresuma Batua-Portugal
«Zer moduz eguna?» galderari emandako erantzuna «beti bezala!» denean, zerbait gaizki doan seinale izan daiteke. On Falling filmeko protagonistaren erreplika da honakoa, Eskoziako biltegi handi batean lan egiten duen emakume portugaldarrarena. Aurora da bera, eta egun guztia lanean eman ondoren, etxera itzuliko da, pisukide espainiar eta poloniarrengana. Bertan, baina, ez du atsedenik eta babesik aurkituko; arazoak soilik. Ez du ezer hozkailuan (sandwich triste bat afaltzeko), ordaindu beharreko faktura mordoa eta horren guztiaren gainetik, bakardade sentsazioa. Izugarria, gainera.
Laura Carreira zuzendari portugaldarrak prekarietateari, isolamenduari eta alienazioari buruzko erretratu zintzoa bezain zorrotza ondu du bere opera prima-n, benetako bizipenetan oinarritutakoa: Aurorak bezala, gaztetan egin zuen Edinburgora alde, migratzaile izan zen eta oso egoera txarrean egin zuen aurrera. Joana Santos aktoreak interpretatu du zinemagilearen alter ego-a, eta isiltasunetik heldu dio maila pertsonalean zein profesionalean galduta eta erabat hutsal sentitzen den belaunaldi oso baten isla izatearen erronkari.
Etxetik biltegira, eta biltegitik etxera. Bi bizitoki balitu bezala, Carreirak pertsonaiaren deskonexio sozialean sakondu du 2024ko Donostia Zinemaldian zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra eskuratzea suposatu zion On Falling-en. Kapitalismo basatienaren biktima dela erakutsiz, emakumeari harreman oro, maitatzeko aukera oro, ukatuko dio, eta horrela bizitzeak daukan zama/karga psikologikoaz kontziente izatera behartuko gaitu.
Narratiboki zein formalki zinema sozialari egozten zaion arima gordin itsutik aldenduko da, baina indar berdinarekin kolpatuko gaitu emozionalki; hunkitu egingo gaitu filmaren ezkortasun errealistak. On Falling-ek erakusten duen biolentzia ez da esplizitua eta ikusgarria izango, baizik eta zeharkakoa, sotila, isila. Hala, Aurora protagonistaren patua, eta ordezkatzen duen belaunaldiarena keinu txikien mende egongo da. Antiheroi garaikidea, sufritzera kondenatuta dagoena.

