Masoneria Donostian, 1809tik gaur arte iraun duen kate «diskretua»
Ez da hiriko parkerik bisitatuena Loiolako Erriberako Memoriaren Parkea. Espero denaren kontra, ez du oroigarri askorik, baina bada bat deigarria: masoien omenezko monumentu bat. Nor ziren, bada, masoiak eta zer paper izan zuten hirian?
1932an izandako Donostiako Altuna Logia N15 masoien bilkura bat. Konspirazio teoriak horren modan dauden garaian, ezin ahaztu dezakegu XX. mendeko konspirazio teoria nagusiak masoien ingurukoak izan zirela. «Mundua kontrolatu nahi zuten logia sekretuak» ei ziren, eta, horren ondorioz, jasan zuten errepresioa gogotik.
Donostian izan zuten –eta badute egun ere– masoiek beren logia propioa. Ignacio Manuel de Altuna y Portu Azkoitiko zalduntxoaren omenez sortu zen 1932. urtean Altuna Logia Agurgarria. Euskalerriaren Lagunak elkarteko sortzaileetako bat izan zen Altuna eta Jean Jacques Rosseau filosofoaren laguna izan omen zen, ideia ilustratuen zalea. Jakina denez, Caracasko konpainiak sortu zuen elkartea, horren jakina ez dena da konpainia horrek esklabotzarekin izan zituen harremanak –baina hori beste baterako utziko dugu—.
Altuna Logia
1932tik 1936ra bitarte iraun zuen Altuna Logiak Donostian. Molaren ejerzitoak indarrez itxi zuen arte. Ez zen, ordea, hiriak izandako lehenengo logia. Altuna Logiakoen hitzetan, «tradizio masoniko luzeko» hiria da Donostia. 1809 urtean sortu zen hemen lehenengo Logia, Motako gazteluan egindako bilkura batean: Los Hermanos Unidos de San Sebastian.
Ordutik, hainbat izan dira XIX. mendean zehar eta XX. mende hasiera arte: Cosmopolita fraternal Nº30, La Aureola Guipuzcoana Nº66, Logia Providencia Nº280, Logia Paz Nº97, Logia Progreso Nº289, Anatole France Nº29 eta jada aipaturiko Logia Altuna Nº15.
Azken hau 1932an sortu zen, aurretik zetozen logien oinordekotza moduko batean. Elias Marques apaiz ebanjelikoak sortu omen zuen, Bila Evanjelican. Espainiako Errepublika garaia izaki, testuinguru historikoan kokatua da logia honen funtzioa: «Balio errepublikazaleak zituen, faxismoaren aurrerapen geldiezinaren kontra», logiaren historia idatzi duen Iñaki Zuloagaren hitzetan.
Hiriko intelektual eta pertsonaia ospetsu hainbat izan ziren logiako kideak. Tartean, Mariano Doporto Macho meteorologo ospetsua, 1927 eta 1936 urteen artean Igeldoko Meteorologia Behatokiaren zuzendaria izan zena. Frankismoaren ondorioz Irlandara erbesteratu zen, eta herrialdeko meteorologia zuzendaria izan zen. Bera izan zen lehena Europan hiru eguneko eguraldi aurreikuspenak egiten. Bestelako pertsonaia garrantzitsuak izan ziren baita ere: Koch alemaniar argazkilari ospetsua eta Donostian kontsula, Jose Martinez Ubago hiriko alkatea 1935. urtean edota Ezker Errepublikazaleko buru zen Fermin Vega de Seoane.
Clara Campoamor, masoia
Frankismoan, ordea, logiaren ibilbidea oztopatu eta aipaturiko «konspirazio judeo-masonikoa» aitzaki, errepresio handia jasan zuten masoiek eta, noski, ustezko masoiek. Ez alferrik, Masoneria eta Komunismoa Erreprimitzeko Auzitegia –egungo Auzitegia Nazionalaren aurrekaria, hain zuzen–, sortu zuten frankistek.
Horietako bat izan zen Donostian bizi izan zen Clara Campoamor feminista. Hamabost urteko espetxe zigorrera kondenatu zuen epaitegiak masoia izateagatik, eta hargatik, gerra amaitu zenetik ezin izan zuen Espainian bizi eta Suitzan hil zen 1972an.
Campoamorrek berak onartu zuenez, lau urtean zehar izan zen masoia. Honela azaldu zion bere lagun bati, gutun bidez: «Masoneriakoa izan nintzen denbora labur batez. Denboran bat etorri zen Alderdi Erradikaleko nire militantziarekin eta Gorte Konstituziogileetako nire presentziarekin, buruzagi errepublikazale askok logia masonikoen lerroak elikatzen zituzten garai batean. Ez nintzen, noski, Espainiako masoi handienetako bat. Baina horrek ez zuen axola. Francoren erregimenaren ahalmen sortzaileak 80.000 masoi sorrarazi zituen, gerra hasi aurretik logia ezberdinak batuta 5.000 baino gehiago ez ziren herrialde batean. Ez nintzen masoi handienetako bat, baina masoneriakoa nintzen. Eta hori egitea legezkoa zen garai batean egin nuen. Ez nengoen prest iraganari uko egiteko, eta ez nengoen prest hura egin nuenean legezkoa zen zerbaitengatik jazarria izateko. Ez nuen kartzelara joan nahi, baina ez nengoen hartaz libratzeko prest, nire printzipioei uko eginez».
Eraikitzaileen ondorengoak
Honela, bada, Brigada Politiko-Sozialaren jazarpena izan zuten ehunka kidek, baina zaila da ulertzea zergatik izan zuten horrenbesteko jazarpena. Jakina da Franco bera saiatu zela masonerian sartzen eta ez zutela onartu. Ustezko frustrazio eta herra pertsonaletatik harago, juduen kontrako, eta konspirazio teorien aldeko mugimendua izan zen faxismoa. Izan zen, eta da, etsaiak aldatu diren arren.
Masoneriaren «sekretismoak» mesfidantza sortzen duen arren, «sekretua baino, diskretua» den mugimendu bat dela diote haiek. Antzinako katedralen eraikitzaileen «ondorengoak» direla aldarrikatzen dute, eta horregatik da haien iruditeria eraikuntzako iruditeria: mazoa, zizela, eskuaira, konpasa. Eta helburua, «geure buruak berreraikiz, iluminazioa lortzea».
Eta zertan da egun masoneria Donostian? 2001 urtean birsortu zen Donostiako Altunaberri Logia, 52. zenbakiarekin, Errepublika garaiko logiaren «oinordeko natural» gisa. Joxe Mari Arrazola masoiaren hitzetan, «euskarazko bilerak egin dituen munduko logia bakarra». Oso aktibo ez dagoen arren, tarteka antolatzen dituzte bisitak, hitzaldi eta eztabaidak. Interesa duenak badaki nora jo.


