Zaragoza plazako proiektu berria «begi onez» ikusten du Erdian Bizik
Erdian Bizi auzo elkarteak “begi onez” hartu du asteazkenean, hilak 8, udalak aurkeztutako Zaragoza plaza berritzeko proiektua. “Egia bilakatzea” espero duen proiektuak “nabarmen zuzentzen eta hobetzen du” apirilean egindako lehen proposamena, “ezinegona” sortu zuena plazako bizilagunengan.
Hedabideetara bidalitako idatzi batean elkarteak adierazi duenez, proposamen berriaren araberako Zaragoza plazak XIX. mendearen erdialdean sortu zenaren “izaera bera” du eta hirigunean “gune natural bati bide ematen dion espirituarekin” bat egiten du. Hala, nabarmendu dute zuhaitzen kopurua eta beraien aniztasuna, bankuen eta zoladuraren diseinuak plaza “izaera integratzailez” hornituko duela edota Donostiako Orfeoiaren zuzendari izan zen Antxon Aiestarani eskainitako eskultura ere.
Hori horrela, hasierako proiektua hobetzeko parte hartze prozesua udaletik bideratu dutenak zoriondu dituzte eta etorkizuneko egitasmoetan ere herritarren iritzia ere kontua hartuko dela espero dute.


