Arroza, bertsoak eta jolasa: Super Xaguren jai errezeta

Larunbat goiza zereginez beteta izan da Amara Berriko Superxagu jaietan. Armeria plazan jarri dituzte suak eta mahaiak, paella lehiaketako partaideentzat. Eguerdia baino lehen mozten, egosten eta frijitzen lanpetuta zebiltzan 25 taldeak. Bakoitzak bere erara egin du, osagai sekretuak (edo ez) baliatuta eta sukaldaritza jakintza erabilita (norberarena edo propio ekarritako laguntzaileena). Askotarikoak egin dituzte, arrozari botata untxia, itsaskiak, oilaskoa, barazkiak… Eskaintza koloretsu eta zaporetsua osatu dute. Ona zegoen epaitzen lehenak bertso saioko partaideak izan dira: Asier Ibarguren, Miren Artetxe, Nerea Elustondo, Beñat Gaztelumendi eta Unai Elizasu.
Handik gertu, haurrek hamaika aukera izan dituzte jolaserako. Batetik, txoko batean jarri dizkiete margotzeko pote eta lauki erraldoiak, beste batean, eraikuntza piezak, baita boloak ere eta helduen inbidiarik izan ez zezaten, paella erraldoi bat ere bazuten, zenbait osagai beteta. Horrez gain, nahi izan dutenek jai batzordeko kideek proposatutako jolasetan aritzeko aukera ere izan dute: goilara hortz artean eta gainean arraultza jarrita lasterketa egin dute, urez betetako puxika bota diote elkarri, irin artean gozokia bilatu dute…
Ondoren, haurren bazkaria egin dute, arroza tomatearekin eta jogurta jan dituzte txikienek, agertokian bertso saioa egiten ari ziren bitartean. Herri bazkariari, berriz, aurreikusitakoa baino beranduago ekin diote, baina aukeran izan dituzte parte hartzaileek egindako paellak. Umore onez eta pazientziaz itxaron dute platera jasotzera. Batzuek eurek prestatutako jan dute eta batzuek irabazle aukeratu dutena dastatzeko parada izan dute.












































































