Bosgarren solairutik sorturikoa erakutsi du Iker Laurobak

50 urte bete zituen atzo Iker Lauroba musikari donostiarrak, eta lan berri zein berezi bat argitaratzeko aprobetxatu du. Bosgarren solairutik diskoak hamar abesti ditu; zazpi berri, haren bi kantaren moldaketak eta beste artista baten bertsioa.
Hain zuzen ere, “bosgarren solairutik” sortutako lana dela dio Laurobak, non bizitzari “beste perspektiba batetik” abesten dion: “goragotik, ikuspegi zabalagoa duzu; argiago ikusten dira gauza batzuk, baina urrunago besteak. Bertigoa areagotu egiten da, eta inguruan dituzun pertsonek ematen dizuten bake eta lasaitasunarekin soilik baretu daiteke”. Gertatu denari eta bizitza aurrerantzean izan daitekeenari buruz hitz egiten duen lana da.
Musikari eta lagunekin borobildu du lana: David Gorospe (bateria), Arkaitz Miner (biolina, biola eta mandolina), Maria Antunez (gitarra) eta Olaia Inziarte (ahotsa). Letretan, berriz, Leire Ugadiren laguntza izan du bi piezatan. Aldiz, Jon Martin arduratu da jatorrian Luis Eduardo Auteren abesti bat egokitzeko eta itzultzeko.
Lana osorik entzun daiteke plataforma digitaletan, eta Negua II abestiaren bideoklipa ere sareratu du: