Gazte ekintzaileentzako etxebizitza eta diru laguntzak emango ditu Donostia Sustapenak, programa berri batekin

Gazte ekintzaileentzako programa berri bat zabaldu du Donostia Sustapenak. “Helburua tokiko talentu gaztea” sustatzea, enpresa proiektu berritzaileak hirian garatzeko. Donostia Sustapenak irekitako deialdiak “gazteen parte-hartzea sustatu nahi du, haien sormena, lidergoa eta proposamen berritzaileen garapena sustatuz”.
Gutxienez ere goi mailako gradu bat duten 35 urtetik beherakoei zuzendua da deialdia, eta enpresa plan bat aurkeztu beharko dute. Honela, laguntza pertsonalizatua eskainiko zaie “etengabeko mentoretza” batekin, lanerako guneekin eta hainbat programetara sarbidearekin. Laguntza ekonomikoak ere eskainiko dira: hilean 500 € hamabi hilabetez gehienez eta proiektu bakoitzeko 2000 euro. Eta, akaso, laguntzarik garrantzitsuena: ekintzaile hauei etxebizitza bat eskainiko zaie Ekinn eraikinean, programak iraun bitartean.
Modu batean edo bestean, honako laguntzak jada eskaintzen zituen Donostia Sustapenak, baina orain, guztia batera eskainiz, laguntza osoago bat emango da.
Gazteriaren prestakuntza
Gaur egun, zken barometroaren datuen arabera, 35 urtetik beherakoak Donostiako biztanleriaren %32 dira, baina adin tarte horrek % 13,8 egin du behera mende hasieratik. Donostia Sustapenaren aburuz, “motibatuta eta inguruko beharrekin konektatuta” dauden gazteak izanez gero, “Donostia erantzun jasangarri eta eraldatzaileetarantz bideratu” ahalko dugu.
Hiriko gazteekin egin den entzunaldi aktiboaren eta hausnarketa eremuen lehenengo fasearen emaitza da deialdi hau. “Talentu gaztearen alde egitea ez da bakarrik etorkizuneko belaunaldietan pentsatzea, baizik eta hiria eraikitzeko modu argia”, azaldu du Ane Oiarbidek, Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziak, EKINNen antolatu den deialdiaren aurkezpenean. “Konpromisoa hartu behar dugu, gazteei prestakuntza ona eskaintzeko, kalitatezko enplegua sortzeko eta beren hirian duintasunez bizitzeko aukera ematen duten formulak bilatzeko”.
Aurkezpenean bertan izan dira Sara Rekalde, Lander Zunzunegi eta Ander Lujanbio ekintzaile gazteak. Hiruak izan dira Donostia Sustapeneko egitasmoren batean, eta, hiruek esker hitzak izan dituzte Ekinnen jasotako tratuagatik eta laguntzagatik. Azaldu dutenez, beste herrialdeetan programa honen berri ematen dutenean, jendea harrituta geratzen da, eta programa hauek edukitzea “luxu” bat dela uste dute.
Programa berri honetan parte hartzeko ez dago deialdi berezirik. Ekinn eraikinean aurkeztu beharko da enpresa plana, eta “bideragarria” dela erabakitzen bada, aurrera egingo du.