Sara Alonsok bigarren postuan bukatu du Golden Trail Series zirkuitua
Lasterkari donostiarra hirugarren postua sailkatu da Italiako Ledro herrian bukaturiko azken proban.

Kolpez kolpe eta oztopoak oztopo, ikaragarria da Sara Alonso korrikalari donostiarrak aurten lorturikoa. Larunbatean bukatu zen Golden Trail World Series zirkuitua (GTWS), eta sailkapen orokorreko bigarren postuan bukatu du.
Herenegun jokatu zen Ledro Sky Trentino Grand Finale lasterketan, hirugarren onena izan zen Alonso, Lauren Gregory irabazle estatubatuarraren eta Madalina Florea errumaniarraren atzetik. Hain zuzen ere, Floreak irabazi du trail zirkuitu garrantzitsua, 958 punturekin. Alonsok, berriz, 913 puntu batu ditu jokaturiko lasterketetan. Hori bai, gogoratu behar da uztailean izan zuen ezbeharra. Entrenatzen ari zela, behi batek eraso egin zion, eta denbora behar izan zuen berreskuratzeko.
Japonia eta Euskal Herria
Nabarmentzekoa da donostiarraren sasoia, bata zein bestea. Mendi lasterketen denboraldian, Golden Trail World Series zirkuituko bi proba irabazi ditu: Japoniako Kobe eta Euskal Herriko Zegama-Aizkorri. Horrekin batera, aipatzekoak dira Munduko Trail Txapelketan lorturiko bigarren postua, eta Chamonixeko OCC probako bosgarren tokia.