Txuri Urdinek golak egiteko makina berreskuratu du
Izotz hockey taldeak partida borobila jokatu zuen Madrilen, eta Valdemoro mendean hartu zuen (0-9).

Ohikoa da izotzean irrist egitea, eta horretan dihardu Txuri Urdinek. Batzuetan jausi eta beste batzuetan altxa egiten dira. Txuriko neskentzat gogorra izan zen Majadahondaren kontrako bi neurketak etxea galtzea, baina jakin dute egoerari buelta ematen. Larunbatean, Valdemororen izotz pistan aritu ziren, eta partida bikaina eginda irabazi zuten (0-9). Konfiantza berreskuratzeko garaipena izango da. Txuri Urdineko mutilek, berriz, galdu egin zuten etxean, Bartzelonaren kontra (3-4). Gehiago merezi izan zuten arren, puntuek ihes egin zuten.
Belar hockeyan, Realak aukera polita zuen Zubietan partida garrantzitsu bat irabazteko. Dena dela, Sanse Complutense arerioak erakutsi zuen koska bat gorago daude, eta ez soilik sailkapenean. Ahalegindu arren, amore eman zuten txuri-urdinek (1-4).
Futbolean, ontzat jo behar den puntua eskuratu zuen Realak Granadaren zelaian. Etxeko porrotaren zapore gazia arintzeko lagungarria izan zen, nahiz eta garaipena eskura izan. Txuri-urdinak markagailuan aurretik iritsi ziren luzapenera, Edna aurrelariak egindako bi golei esker. Egia da ere, Nerea Eizagirre kapitainak penalti bat huts egin zuela. Horrela ere, hiru puntuak poltsikoan zituztelakoan, etxekoek azken minutuetan berdindu zuten norgehiagoka (2-2). Sailkapen nagusian laugarren tokian daude orain, Atletico Madrilekin puntutan berdinduta. Bestalde, gizonezkoen bigarren taldeak Andorra menderatu zuen Anoetan (3-0), eta sailkapeneko zulotik gora egiteko baliagarria izan daiteke.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek ezin izan zuen bigarren garaipena jarraian lortu. Ez zuen aurkari erraza horretarako. Izan ere, Valentziaren pistan aritu ziren donostiarrak, eta galdu egin zuten (69-54). Zailtasun ugari izan zituzten arerioari aurre egiteko, eta ez zen posible izan. Gipuzkoa Basketek ere galdu egin zuen, beste behin ere. Hori bai, oso gutxigatik, puntu bakarrarengatik, irabazi zuen Illunben Obradoirok (95-96). Horrela ere, gero eta gertuago dago Sergio Garciaren aroko lehen garaipena.
EMAITZAK
Izotz hockeya
Emakumezkoen lehen maila, 3. jardunaldia
- Valdemoro 0 – Txuri Urdin 9
Gizonezkoen lehen maila, 4. jardunaldia
- Txuri Urdin 3 – Bartzelona 4
Belar hockeya
Emakumezkoen liga, 5. jardunaldia
- Reala 1 – Sanse Complutense 4
Futbola
Emakumezkoen liga, 7. jardunaldia
- Granada 2 – Reala 2
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 2. jardunaldia
- Valentzia 69 – Ibaeta Basket 54
Gizonezkoen bigarren maila, 3. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket 95 – Obradoiro 96