Donostiako Zero Pobrezia plataformak «eskuin muturra geldiarazteko eta demokrazia defendatzeko» deia egin du

Ostiral honetan, urriaren 17an, Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna ospatuko da. Aurten ere, Zero Pobrezia plataformak Pobreziaren eta Bazterkeriaren aurkako Astea antolatu du, eta horren programa aurkeztu du astearte honetan, urriaren 14an, kaian egindako prentsaurreko batean.
Bertan, performance bat egin dute demokraziaren krisia eta eskuin muturraren gorakada salatzeko. Fikziozko Donald Trump batek, Santiago Abascal, Giorgia Meloni, Nayib Bukele eta Benjamin Netanyahu bezalako pertsonaiek babestuta, bi agindu exekutibo sinatu ditu: bata, milaka pertsonaren asilo-eskubidearen aurkakoa; eta bestea, Gaza Resort bihurtzeko Ekialde Hurbileko Riviera Plana. Amaieran, hainbat ekintzaile agertu dira, espazioa hartuz eta Trump eta bere aliatuak ihes egitera behartuz, demokraziaren aldeko oihuen artean.
Protesta original horren ostean, gaur egun 12 erakunde sozialek osatzen duten plataformako bozeramaileek, Amaia Diaz Unzuk eta Iñigo Odriozola Beitiak, hitza hartu dute aurtengo manifestua irakurtzeko, Trumpen Showa eta demokraziaren krisia: “Demokrazia arriskuan dago, eta horren adibide da Donald Trump munduko politikaren erdigunera itzuli izana”, ohartarazi dute. “Trumpentzat politika ikuskizun bat da, oihalaren atzean bere herrialdeari eta munduko ordenari sakonki eragiten dioten erabakiak hartzen diren bitartean”.
“Bere diskurtso autoritario, arrazista, misogino eta kolonialak arriskuan jartzen ditu giza eskubideak, justizia soziala eta mundu osoko demokrazia; eta olatu global baten norabidea markatzen du”, salatu dute plataformatik. Kritikatu dutenez, eskuin muturreko lidergoak gora egiten ari diren mundu honetan, Trump “erreferente bihurtu da askatasun demokratikoak sistemaren barrutik ahultzen dituztenentzat”.
Pobrezia Zero plataformaren ustez, Israelek Gazan egindako genozidioa «autoritarismo antidemokratiko horren egungo adierazle nagusia» da, eta joera horrek isla du Espainiako Estatuan, Italian, Frantzian, Austrian, Hungarian, Belgikan, Argentinan edo El Salvadorren, besteak beste. Baita Europan ere, lau eurodiputatutik bat (%25) eskuin muturreko alderdietako kide baita jada.
2023an, gorroto-delituak %21 igo ziren Espainiako Estatuan, eta Euskal Autonomia Erkidegoa ez dago errealitate horretatik kanpo, 2024an zehar 240 gorroto-delitu baino gehiago izan baitziren: “Gorroto-diskurtsoak gure kaleetan edo institutuetako ateetan ere badaude. Mugimendu horiek antifeminismoa, arrazakeria edo LGTBIQ+fobia sustatzen dute. Benetako arriskua da oinarri demokratikoak desmuntatzen dituztela. Instituzio, hedabide eta erakunde sozialei eraso egiten diete, desinformazioa zabaltzen dute, eta polarizazio soziala areagotu egiten dute. Beldurra botere-tresna bihurtzen dute”.