Donostian da munduko ordenagailu kuantikorik indartsuenetako bat: IBM-Basque Country

IBM Quantum System Two operatiboa inauguratu dute gaur Eusko Jaurlaritzak eta IBMk IBM-Euskadi Konputazio Kuantikoko Zentroan, Donostian; Europan lehenengoa da, eta hirugarrena mundu osoan. Sistema hori instalatzea mugarria da bi erakundeen arteko lankidetza estrategikoan. Lankidetza hori 2023an sortu zen, BasQ – Basque Quantum ekimenaren baitan, Euskadi teknologia kuantikoen nazioarteko polo gisa finkatzeko Eusko Jaurlaritzak sustatuta.
“Etorkizunaren etorkizuna gaur da, eta elkarlanean eraiki dugu”. Eider Mendoza ahaldun nagusiak laburbildu du gaurko eguna. Harrotasunez eta optimismoz beteriko eguna izan da gaurkoa agintarientzat. “Mugarri historikoa” izan da gehien errepikatu den ideia. Hori, eta “elkarlana” eta “ekosistema”. Askotan errepikatzen diren hitzak diren arren, oraingoan, ez dira horren hutsalak. Munduko ordenagailu kuantiko indartsuenetako bat inauguratu da gaur Donostian.
“Euskadiren ekosistema” jarri dute balioan
Ordenagailu kuantikoak eragile zientifiko guztien laudorioak jaso ditu. Ez alferrik: Europako ordenagailu kuantiko indartsuena da honakoa. Urte askoren lanaren ondoren, aurreikusita zegoen ordenagailua baino aurreratuagoa den bat ekarriko zutela iragarri zuten duela urtebete. System Two ordenagailua da. Ordenagailu honi moduluak gehitu ahal izango zaizkio etorkizunean, hau da, qubit logiko gehiago. Harrigarriena da horrelako ordenagailu oso gutxi daudela munduan: New Yorkeken, IBMren laborategietan; Japoniakoan, ekainean inauguratua, eta Donostian, Ibaeta auzoan, Ikerbasqueren eraikin berrian jarri dutena.
Txinak beste era bateko ordenagailu kuantikoak ditu garapen fasean, eta, Zuchongzhi 3.0 sistemarekin, azkarragoak diren eragiketak egiteko gai dela ziurtatu dute. Txinako zientzialariak Google, IBM eta Amazonen lehia bizian ari dira, eta, itxuraz, behintzat, abiadura azkarragoan. Lehia bizia izango da, IBMk ere, 2029rako 100.000 qubit izango dituen ordenagailua estreinatuko du eta.
Baina zer da konputazio kuantikoa?
Ordenagailu normal batean pentsatuz gero, artxiboz eta programaz osatuta dagoela badakigu. Hori, funtsean, informazioa da; ordenagailuan 0 eta 1ez idatzita dagoena. 0ak esan nahi du ez dagoela korronte elektrikorik zirkuitu batean, eta 1ak esan nahi du badagoela. Bit-a deitzen zaio horri, eta hori 0 edo 1 batean dago osatua.
Aldea, ordenagailu arruntetan, 0 eta 1 horien eraldaketa elektromagnetismo bidez egiten dela, eta IBMren ordenagailuak fisika kuantikoan duela oinarria. Bit horiek, qubit-ak dira ordenagailu kuantikoan. Qubitek ez dute portaera bera eta, horri esker, hizkuntza berdina izan arren –0ak eta 1ak–, bestelako tarteko egoerak izan ditzake.
Superposizioa edo gainjartzea deitzen zaio portaera honi. Bita 0 edo 1 izan behar duen heinean, qubita 0 eta 1 izan daiteke aldi berean, eta, portzentaia ezberdinetan –%30, 0 eta %70, 1, esaterako–. Esponentzialki handitzen du honek operazio mota batek izan dezakeen portaera.
Etorkizuneko erronkak
IBM System Two ordenagailu kuantikoaren inaugurazioak Gipuzkoa, eta bereziki Donostia, konputazio kuantikoaren bihotzean kokatzen ditu. 153 milioi euroko inbertsioa egin dute Jaurlaritzak eta hiru aldundiek 2028ra arte, eta Basque Quantum ekimenaren amaiera da.
Ekosistema kuantiko horretan hamalau entitate edo erakundetako 159 ikertzaile daude atxikita, unibertsitateetatik hasi eta ikerketa eta teknologia zentroetara arte. Horiek guztiek kuantika lantzen dute hainbat eremutatik, hala nola konputaziotik, batez ere, baina baita kimika, sentsorika, materialak, energia handiko fisika eta astrofisika, komunikazioak, materia kondentsatuaren fisika eta fotonika ere.











