«Gaizki esanak barkatu eta ondo esanak gogoan hartu»
Eneko Goiak alkate eta zinegotzi izateari utzi dio ostegun arratsaldean, udaletxean egindako ezohiko udalbatzarrean. Jorge Mota popularrak ere zinegotzi kargua utzi du.
Eneko Goiaren azken hitzartzea alkate gisa, osoko bilkuren aretoan.Joseba Parron San Sebastian Luze jo du gaur osoko bilkuren aretoan izandako Politika Orokorreko udalbatzarrak. Arratsaldeko saioa behar baino gehiago luzatu ondoren, udalbatzako kideek atseden txiki bat hartu dute agurren ezohiko udalbatzarraren aurretik. Izan ere, bi dira udalbatza utzi dutenak: Eneko Goia eta Jorge Mota. Lehenak, alkatetza eta zinegotzi kargua utzi ditu, eta osoko bilkuren aretoan izan da. Bigarrenak, ordea, ezin izan du udaletxera joan zinegotzi kargua uztera, gaixoaldi baten ondorioz.
Biei aitortza eta esker oneko hitzak eskaini dizkiete agurrean udal taldeetako bozeramaileek: Elkarrekin Donostiako Victor Lasak, PPko Borja Corominasek, PSE-EEko Ane Oiarbidek, EH Bilduko Juan Karlos Izagirrek eta EAJko Jon Insaustik. Motaren agurra izan da ezohiko batzarraren lehen puntua. Besteak beste, gertuko pertsona eta politikaria izan dena esanez, ideologikoki izandako talka askoez harago.
Bigarren puntua, eta esperotakoa, Goiarena izan da, alkatetza utzi duelako haren hirugarren legealdiaren erdian. Agurrean ere bera izan da gidari, alkatea delako udalbatzaren presidentea. Hamar urtez Donostiako alkate izatea “ohore” bat dela adierazi diote bozeramaileek, eta pilaturiko higadurarengatik kargua hartzeko erabakia onetsi dute gehienek. Hemendik aurrera, familiari denbora gehiago eskaintzeko gogo horri eusteko esan diote.
Sentitua eta eskertua
Goiaren azken hitzartzea sentitua eta eskertua izan da, politikari gisa baino, pertsona gisa hitz egin duelako. Donostiako alkate izatea “zoragarria” izan dela aitortu du, politikagintzan izan duen esperientzia onena. Malko batzuk ere atera zaizkio, batez ere, alkate izan den hamar urteotan bi pertsona garrantzitsu joan zaizkiolako albotik: ama eta aita. Euskal esaera zahar batekin borobildu nahi izan du bukaerako hitzartzea: “Gaizki esanak barkatu eta ondo esanak gogoan hartu”.
Bozeramaileen errondak eginda, eta Goiaren azken hitzartzearekin bukatu da saioa. Jarraian, Nekane Arzallus alkateordeak hartu du Goiaren hutsunea. Behin-behinean izango da alkate eta udalbatzako presidente, behin betiko alkatea hilaren 29an izendatzen duten arte. Egun horretan izendatuko dute alkate Jon Insausti jeltzalea.





