Manifestazio batera deitu dute bizilagunek Loiolako Erriberako trafiko arazoak salatzeko
Ostiralean, hilak 17, segurtasunaren aldeko manifestazioa egingo dute Iesu parrokiatik abiatuta, 18:30ean. Astelehenean, berriz, EH Bilduk gai honi buruzko galderak egingo dizkio Olatz Yarzari batzordeetan.

Loiolako Erriberako bizilagunek trafikoarekin duten kezka ez da berria; baina azken asteetan garrantzia berezia hartu du. Izan ere, irailaren 20an, auto batek 9 urteko haur bat harrapatu zuen Bartzelona hiribidean. Gertakari horrek eraginda, auzo elkarteak bilera irekia egin zuen iraila amaieran eta gaia oihartzuna emateko ekintzak egitea erabaki zuen. Hala, bihar, hilak 17, bide segurtasunaren aldeko manifestazio bat egingo dute Iesu parrokiatik abiatuta, 18:30ean.
Bestalde, kezka horrekin bat egin du ere udaleko EH bilduk eta asteleheneko batzordean egiteko interpelazio bat erregistratu du. Izan ere, 2023ko abenduaren 20an EH Bilduren ekimenez mozio bat onartu zuen udalbatzak, bi punturekin: mugikortasun arazoak eta zarata murrizteko neurriak hartzea Bartzelona hiribidean eta Loiolako Erriberako pasealekuan, eta mugikortasun arazoak konpontzeko neurriak auzotarrekin partekatzea. Hartutako konpromisoak, ordea, ez dira bete eta bizilagunek maiz jo dute udaletxera eta udal gobernura gai horri buruz hitz egiteko. “Guk dakigula, herri partaidetza sailetik gidatuta eta mugikortasuneko sailarekin bilera ireki bat egin zuten iazko irailaren 16an, baina geroztik, eta urte bete pasa den honetan, bizilagunek ez dute bestelako erantzunik jaso”.
Hori horrela, Mugikortasun eta Garraio zinegotzi Olatz Yartzari galdetuko diote udalak zergatik ez duen bete hartutako konpromisoa eta hura gauzatzea noiz aurreikusten duen; zergatik ez duen beste bilera irekirik egin auzotarrekin duela urtebeteko bileraren ondoren ateratakoak azaltzeko, eta ea asmorik al duen bizilagunekin bilera bat egitea mugikortasun arazoak konpontzeko neurriak partekatzeko.
Auzoa errepidez inguratuta dago, alde batetik, GI-20 saihesbidea, eta bestetik, Loiolako Erriberako pasealekua. Horrez gain, auzoa erditik zeharkatzen du Bartzelona hiribidea. Hortaz, trafikoaz gain, estres akustiko handia jasaten dute bertako bizilagunek. Askotan eskatu dituzte abiadura moteltzeko neurriak, baina oraindik ez dira hartu. Horrez gain, irailaren 20an, auto batek 9 urteko haur bat harrapatu zuen.