Autoen joan-etorria eta abiada murrizteko neurriak eskatu dituzte
Oraintsu izandako oinezko baten harrapatzeak berriro mahai gaineratu ditu trafikoak Loiolako Erriberan dituen eraginak. Bizilagunek urteak badaramatzate ere neurri eske, ez dute haiek gauzatzerik lortu.
Loiolako Erribera pasealekuan autoak gehiegizko abiaduran doazela salatu dute bizilagunek, zarata eta arriskua sortuz.Maitane Aldanondo Auzoko trafikoagatik arduratuta daude Loiolako Erriberako bizilagunak. Ez da kezka berria, baina azken asteetan garrantzi berezia hartu du, iraila erdialdean, auzoa jaietan murgilduta zegoela, auto batek 9 urteko haur bat harrapatu baitzuen Bartzelona hiribidean. Lekukoen arabera, haurra errepidera atera zen, eta bertatik pasatu behar zuen ibilgailuak ez zuen gelditzeko denborarik izan. Gertakaria jazo zenean, Loiolako Erriberako auzo elkarteak Facebook orrialdean honako mezua zabaldu zuen: «Udalak Erriberako trafikoa berrikusteko behin eta berriz egiten ditugun eskaerei jaramonik egiten ez dien bitartean, zuen seme-alabei oinezkoen pasabideetan kontuz ibiltzeko azpimarratzeko eskatzen dizuegu».
Ez da lehen ezbeharra ezta estreinako ezustekoa ere, aurrez ere izan dira halakoak. «Erriberatar guztiok ikusi dugu istripuren bat edo ezagutzen dugu hura izatetik azken unean libratu den norbait», gogoratu du bizilagun elkarteko kide Daniel Fernandezek. Larrienetakoa izan den horren ondoren, bilera irekia deitu zuen elkarteak auzokideekin bizi duten egoera aztertzeko. Arazoari oihartzuna emateko gogoz daude eta batzorde bat sortzea erabaki dute. Gainera, interesa adierazi dien alderdietako batek hilabete honetan mozio bat aurkez dezakeela ere
aipatu du bizilagunak.
Pasealekua beharrean, autopista
Auto kopurua eta horien abiada dira gako nagusiak, bereziki, auzoa inguratzen duten errepideetan: GI-20 Loiola aldera eta Loiolako Erribera pasealekua, Urumea ertzean. Azken hori «autopista bat da, bereziki, hiritik ateratzeko norakoan… Sartzekoan radarra baitago», salatu du Fernandezek. Aldagai horietan sorburua duten beste bi arazo gehigarri dira zarata eta segurtasun falta. Adibide gisa jarri du Fernandezek Loiolako Erribera pasealekua. «Ez da pasealekua ez hiribidea ez ezer. Nahi beste zuhaitz eta esertzeko banku jarrita ere, hor ezin da egon. Ez da egoteko lekua, pasatzeko, baizik; autopista baten erdian zaudelako. Eta udalak ez du ezer egiten hori horrela ez izateko». Kontuan izan behar da, gainera, handik gurutzatu behar dutela hiru ikastetxetara —Mundaiz, La Salle eta Ikasbide—doazen ikasleek. «Normalean, ez da ezer gertatzen, baina ibilgailuak azkar doaz».
Horrez gain, auzo barruko trafikoa «gehiegizkoa» dela uste dute bizilagunek. Batetik, auzoaren diseinuak behartzen duelako, eta bestetik, hainbatetan hiriko leku batetik bestera joateko «bide errazena» Bartzelona hiribidea edo oinezkoek eta autoek partekatzen dituzten kaleak zeharkatzea delako. «Aztertzekoa eta saihestekoa» dela dio Fernandezek, halakoetan, abiadura ez baita «auzoko kale batekoa».
Azaldutako guztiaren argitan, sinetsita daude abiadura murriztearekin batera egoera «asko hobetuko» litzatekeela. Neurriak proposatzea beraien ardura ez dela badakite ere, uste dute zebrabideak beste modu batera seinaleztatzea edota altueran jartzea aukera bat izan daitekeela. Txomiñenean edota Loiolan dauden moduan, goragunean jartzea iradoki dutenetan, autobusei eragiten diela erantzun izan diete, «baina badira autobusik pasatzen ez den kaleak». «Ez da erraza. Guk gureaz dakigu eta pentsatzen dugu erabaki hobeak hartuko dituen jendea duela udalak. Eurek egin behar dute plan bat eta aurrekontu pixka bat eskaini», zehaztu du Fernandezek.
Neurrien zain
Trafikoaren abiadura eta kutsadura akustikoa murrizteko asmoz neurriak hartuko dituela esan die udalak «behin baino gehiagotan», baina gaur-gaurkoz ez dute bat bera ere hartu. Kronologia laburtu du Fernandezek. Urteak dira zarata neurtzeko mapetan «gune kaltetuenetako» baten moduan agertzen dela auzoa, «autoen joan-etorriak eraginda». Legegintzaldiz legegintzaldi errepikatzen da eta berriro agertzen bada ere, «ez dute neurririk hartzen». EH Bilduko udal taldeak kontrol mozio bat aurkeztu zuen eta 2023ko abenduaren 20an udalbatzarrean aho bateko babesa jaso zuen egoera aztertzeak. «27ek bozkatu zuten trafikoa aztertu eta beharrezko neurriak hartzea trafikoa hobetzeko». Aipatutako balizko neurrien artean, besteak beste, Bartzelona hiribideko errepideetako errail bat kentzea norabide bakoitzean, abiadura murriztu arazteko Loiolako Erribera pasealekuan disuasio elementuak jartzea, errailak estutzea, edota auzoaren egituraketa aldatzeko, oinezkoentzako gune berriak sortzea aipatu zituzten.
Denborak aurrera egin eta martxan noiz jarriko zuten «hainbatetan galdetu ondoren», udalak deituta, bilera irekia egin zuten iazko irailaren 16an. Bertan, zenbait neurri proposamen jaso zituzten. Egoeraren berri izateko otsailean udalari idatzi zioten eta jasotako erantzuna izan zen horren ardura zuen teknikaria eszedentzian zegoela eta berriro lanean hastean jakinaraziko ziotela bizilagun elkarteari. «Urrian gaude eta ez dugu berririk izan», gogoratu du Fernandezek, «berdin da osoko bilkurara eramatea, zinegotzi guztiek onartzea… Paralisi egoeran gaude». Are gehiago, istripua gertatu berritan Eneko Goia alkateari idatzi zioten «onartutako plan hori martxan noiz jarri asmo duen galdetzeko»; eta beste behin, ez dute erantzunik jaso.


