Txapeldunen festa
Donostia Arraun Lagunak-ek egindako denboraldi bikaina ospatzeko ekitaldia egin du kaiko Kofradian.

Laugarren Kontxako Bandera eta Euskotren liga irabazita, besteak beste, Donostia Arraun Lagunak-ek ohikoa baino festa bereziagoa egin zuen, astearte iluntzean. Kaiko Kofradian elkartu ziren tradizio bihurtu duten denboraldi bukaerako txapelen festa egiteko.
Oraingoan, ordea, arraun sasoiari jarraipena egin dioten hedabideak —tartean, IRUTXULOKO HITZA—, hainbat agintari —Eneko Goia alkatea, Iñaki Gabarain Kiroletako zinegotzia eta Goizane Alvarez Kiroletako sailburua, besteak beste—, eta hurbileko pertsonak gonbidatu zituzten.
Martin Berasategi sukaldaria izan zen zeremonia maisua. Arraunen arraun egindakoa eta bazkidea da, eta dagoeneko urte batzuk daramatza emakumezkoen traineruaren babesle gisa. Berasategik eta bere lan taldeak prestaturiko pintxoak dastatu ahal izan zituzten gonbidatuek. Aldiz, afaltzera geratu zirenek, bestelako plater bereziak jateko aukera izan zuten.
Txapelen festa, berriz, afalaurretik egin zuten. Itziar Eguren Arrauneko presidenteak hartu zuen hitza, eta banan-banan, txapelak eta sukaldari jantziak eman zizkien arraunlariei eta gainerako teknikariei —entrenatzaileari, prestatzaileari, lurreko lana egiten duten kideei, argazkilariari eta beste—.
Horrekin batera, aurten irabazitako laugarren Kontxako Banderaren erreplika txiki bat eman zion Egurenek Joxetxo Fernandez Vaquerizaren alargunari. Izan ere, arraunak asko zor dio Vaquerizari.