125 urte bete dituzte, Parte Zaharraren bihotzean
Kañoyetan elkartea da bokazio gastronomikoarekin sortu zen Donostiako lehena. Horrela dio 125. urteurrena ospatzeko plazaratu berri duten 'Kañoyetan 1900-2025' liburuak. Ospakizunen urtea daramate, eta 2026ko San Sebastian bezperan borobilduko dute.

Elkartzeko tokiak izan ohi dira elkarteak. Lagun talde batek horren premia zuelako sortu zuen Kañoyetan elkartea, 1900. urtean. Parte Zaharreko Abuztuaren 31 kale ondoko lokal batean kokatu zuten. Zehazki, kale hartan dagoen iturriaren alboan. Garai hartan, Santo Domingo zen etxarte horren izena, baina, egun, Villa Lersundi da. «Ordutegiaren kontrolik gabe elkartzeko eratu zuten Kañoyetan. Orduan hasi ziren ostalaritzako establezimenduei ordutegia murrizten, eta lagun talde honek lokal propio bat topatu zuen elkarte bat sortzeko. Horri esker, elkarte gastronomikoen ordutegia linbo batean geratu zen, Eusko Jaurlaritzak duela urte batzuk arautu zuen arte», azaldu du Fernando Blancok, Kañoyetan elkarteko bazkideak.
Izenak eta izanak lotura izan ohi dute, normalean. Kañoyetan deiturak, ordea, bi hipotesi ditu. Lehena da hobesten dutena, iturriaren kanoiari erreferentzia egiten diolako. «Dokumentu zaharretan hainbat modutan dago jasota izena. Kañoyetan, kanobietan, kañoneta… Betidanik esan izan da Abuztuaren 31 kaleko iturritik datorkiola izena», dio Blancok. Lokal horretan, Kañoyetan izeneko sagardotegi bat zegoela gogoratu du. Gerora, errementeria bat eta biltoki bat ere izan zen. Azkenik, elkartearen lokala bihurtu zen, eta aurrez erabilitako izena hartu zuela esan ohi da. Eraikinaren jabea Joaquin Trino Mendizabal Peñafloridako kondea zen, Gipuzkoako ahaldun nagusia izan zena 1861ean. Eraikin horren sotoan jarri zuten elkartea.
Horrela ere, beste teoria bat aipatu du Blancok: «Antza denez, Donostiaren harresiak eraitsi zituztenean, pareko eraikinean pilatu zituzten hiribildua babesteko erabilitako kanoiak. Orduan, Kañoyetan izenak kanoien ondoan esan nahi duela ere aipatzen da. Dena dela, guk iturritik datorrela diogu, eta, horregatik, iturria bera da gure ikurra».
Lehen elkarte gastronomikoa
Kañoyetan da Donostiako eta Parte Zaharreko lehen elkarte gastronomikoa, horrela dokumentatu ahal izan dutenez. «Elkarte gastronomikotzat hartzen dira sukaldea, despentsa eta upategia dutenak, besteak beste. Zaharrena Union Artesana dela esan ohi da, 1870. urtean sortu zutelako. Ordea, pasa den mende erdira arte ez zuten sukalderik, eta, beraz, ez ziren elkarte gastronomiko bat», adierazi du Blancok.
Horrekin batera, hiriaren eta auzoaren «memoria bizia» direla dio. Esaterako, San Sebastian egunarekin duten lotura «historikoa» eta «aspaldikoa» dela nabarmendu du bazkideak: «1992. urtera artea danborradarik izan ez genuen arren, hasieratik parte hartu zuen gure elkarteak San Sebastian egunean. 1900eko hamarkadan, hainbat elkartetako kideek osatzen zuten danborrada, eta tartean zeuden geurea, Union Artesana eta Euskal Billera, besteak beste. Hogei bat danbor jotzaile jartzen zituen Kañoyetanek. Bide batez, gure danborrada propioaren bazkide sortzaileetako bat izan nintzen».
Elkartearen eraldaketa
Donostia asko aldatu da azken 125 urteotan. Baita Kañoyetan elkartea ere. «Lehen koba batean sartuta zegoen dena, eta hori dena txukuntzeko beharra aspaldikoa zen», esan du Blancok. Horrela, zeharo berritu eta inauguratu zuten 2022ko abuztuan: «Orain, askoz ere erabilgarriagoa da. Kale mailara jaitsi genuen elkartea, irisgarritasuna bermatzeko». Berritu zutenean, jatorrizko sarbidea aldatu zuten; orain, Abuztuaren 31 kalean dago. Horretarako, alboko lokala erosi, eta elkartea bera handitu zuten. «Iturri ondoko jatorrizko atea itxi genuen arren, mantendu egin dugu, ondare gisa katalogatu zutelako», nabarmendu du Blancok
Bestalde, estatutuak aldatu zituzten, «Berdintasun legea betetzeko». Emakumezkoak bazkide izan daitezke, «beste edozein gizonen antzera». Aipatzekoa da Elena Arzak sukaldaria dela elkartearen emakumezko lehen bazkidea. Guztira, berriz, 175 bazkide dituzte —%25 inguru 40 urtetik beherakoak dira—, eta horietako hamabostek osatzen dute zuzendaritza batzordea.
Urteurrenari aurtengo San Sebastian bezperan eman zioten hasiera. «Imanol Pradales lehendakaria gonbidatu genuen elkartera. Gainera, gure danborradako ereserki propioa estreinatu genuen. Gerora, hainbat omenaldi, ikastaro eta otordu berezi egin ditugu», dio Blancok. 125 urteko bidea 2026ko San Sebastian bezperan borobilduko dute, elkartearen haur danborradarekin: «Auzoko beste elkarteen haur danborradekin batera desfilatuko dugu».