Basque Culinary Centerren GOe eraikinaren inaugurazioan elkarretaratuko dira
'Ez dugu nahi eta ez dugu behar! Basque Speculinary Center: espoliazioa!' lemapean egingo dute protesta, eraikinaren aurrean.
Hiriko hainbat elkartek astelehenean egingo duten protestaren xehetasunak eman dituzte.Satorralaia Astelehenean, hilak 20, Manteoko Basque Culinary Centerren GOe eraikinaren inaugurazioa egingo dute. Horren harira, Donostiako hainbat elkartek protesta egingo dute, 18:00etan, eraikin berriaren aurrean. Ez dugu nahi eta ez dugu behar! Basque Speculinary Center: espoliazioa! lemapean elkarretaratuko dira.
“Operazio urbanistiko horrek ekarri duen espoliazioa eta Donostian sustatzen ari diren hiri eredua errefusatzen dugula ozenki adieraziko dugu”, azaldu dute protestaren deitzaileek, gaur goizean egindako agerraldian. Hiriko 23 kolektiboren eta erakunderen atxikimendua jaso du asteleheneko mobilizazioak.
“BCCren interes pribatuen alde Manteoko udal lursaila lagatzeak eta parkea ezabatzeak, eragin duen lurzoru ondare publikoaren espoliazioa salatzen dugu. Udalak BCCren erabilera pribaturako 75 urtetarako oparituriko lursailaren balioa (68 milioi euro) eta eraikitako 9.500 metro koadroko bolumenaren balioa kontuan hartuta, finantzaketa publikoaren bidez (24 milioi euro) ordaindu den eraikinaren kostuaz gain, osotara 150 milioi euro ingurukoa izan da ondare eta baliabide publikoen kontura egindako espoliazioa”, adierazi dute.
Udal gobernuaren jokabidearen aurkako hitzak ere izan dituzte: “Auzokideen mobilizazio ugarien aurrean erakutsi duen mespretxua eta herritarren parte hartze zantzu oro ezabatu du, Manteoko espazio publikoaren etorkizuna Gros eta Ulia auzoek dituzten beharren azterketa batean oinarrituta erabaki ahal izatea eragotzita”.
Azken batean, “herritarren beharrei erantzuten ez dieten hirigintza proiektuak eta operazioak inposatzen ari direla” salatu dute. “Bestalde, Palestinako herriaren genozidio betean Basque Culinary Centerrek Israelgo hainbat enpresekin milioika euroko harreman zitala mantentzen duela salatzen dugu, Cardumen Capital inbertsio funtsarekin duen hitzarmenak eta Kinoko, The Kitchen Foodtech Hub eta Anina Culinary Art enpresekin duen lankidetzak erakusten duten moduan”, gaineratu dute.
Hauek dira asteleheneko mobilizazioarekin bat egin duten elkarteak eta erakundeak: Groseko Hondarpe auzo elkartea, Uliako auzo elkartea, Parte Zaharrean Bizi, Altza XXI, IZBE, SOS Manteo, Manteo Bizirik, Saretxe, Kaleratzeak Stop, Satorralaia, Bizilagunekin, Donostia Palestina, Herria kultur elkartea, Parkea Bizirik, Eguzki talde ekologista, Ekologistak Martxan, Haritzalde, Actions for Future, Ondare-SS, LAB, STEILAS, IU-PC eta Podemos Euskadi.


