EH Bilduk Arcco publiko bihurtzeko proposamena baztertu du udal gobernuak
Politika orokorreko udalbatzarrean proposatu zuen gaia udal taldeak, baina kontra bozkatu zuten EAJk eta PSE-EEk.

Amara Berriko Arcco merkataritza guneak bizi duen egoerari irtenbide bat emateko lanean ari dela jakinarazi du EH Bilduk. Esaterako, atzoko Politika Orokorreko udalbatzarrera eraman zuten gaia, eta Arcco publiko bihurtzea proposatu zuten. Ordea, udal gobernua osatzen duten EAJren eta PSE-EEren kontrako botoa jaso zuten.
Hasieratik arazo ugari izan ditu Arccok, bideragarritasun ekonomiko eta komertzialari eragiten ziotenak. “1996tik udalak ez du zentroaren kanona kobratu. Lehen momentutik jarri zen krisian udal jabetzako higiezin horren kudeaketa eredua. Urte asko ez aurrera ez atzera egon ondoren, udalak aurreko kontratua azkentzea erabaki zuen, eta beste lehiaketa bat ateratzea, guneko merkatariei, Arcco Berri SLn eratutakoei, adjudikatua, 2044ra arte”, azaldu du EH Bilduk.
Horrela ere, Arccoren arazoak ez direla desagertu ohartarazi dute: “Hori egiaztatzeko, nahikoa da merkataritza guneak gaur egun duen irudia eta hainbat merkatarik egiten duten balorazioa ikustea. Ukaezina da lokal hutsak eta itxiak daudela, eta horietako askok aspaldidanik jarduerarik ez dutela; hari lotuta dauden guneko merkatari batzuek zailtasun handiak dituzte beren obligazioetatik libratzeko, eta, kasu askotan, traba pertsonal eta ekonomiko bat dakarkie. Orain arte, udal gobernua ez da gai izan auzia konpontzeko”.
Osoko bilkuran ezezkoa jaso arren, lanean jarraituko dutela adierazi du EH Bilduk, “bai auzoarekin eta bai Arccon inplikatutako eragileekin hasitako elkarrizketetan sakontzen jarraituko dugu irtenbide adostua emateko”. Zentzu horretan, “aukera gune bat” dela diote, eta, interes publikoaren ikuspegitik, “auzoaren beraren elementu eragile eta dinamizatzaile gisa erabil daiteke eta erabili behar da”.